Arabako Foru Aldundia etengabe ari da harremanetan gizarte baliabideen 3.000 erabiltzailerekin

0

Arabako Foru Aldundia, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen (GOFE) eta hirugarren sektoreko erakundeen bitartez, etengabe ari da harremanetan alarma egoera hasi zenetik itxita dauden zentroen eta gizarte baliabideen 3.000 erabiltzailerekin eta haien familiekin, orduz geroztik etxean baitaude. Kasu askotan, harremana egunerokoa da pertsona kalteberenekin, eta hala jarraituko da normaltasunera itzuli eta zentroetan arreta zuzena jasotzeko modua izan arte.

Horixe azaldu du gaur goizean Emilio Sola Gizarte Politiken Saileko foru diputatuak, Foru Gobernu Kontseilua amaitu ondoren Ramiro González Arabako diputatu nagusiarekin batera komunikabideen aurrean egin duen agerraldian.

“Telefonoz eta baliabide telematikoen bidez egiten den jarraipen horren helburua da erabiltzaileei eta haien familiei aholkuak eta laguntza ematea eta bideratzea, zalantzaz beteriko egoera honetan”, azaldu du Gizarte Politiken Sailaren titularrak.

Askotarikoak dira kolektibo kalteberak, besteak beste: adinekoak, desgaituak edo gaixotasun mentalen bat dutenak, normalean eguneko zentroetara eta zentro okupazionaletara joaten direnak; arreta goiztiarreko zerbitzuan arreta ematen zaien haurren familiak; babesik gabe dauden adingabeak eta haien familiak, eguneko zentroen erabiltzaile direnak, familia harreran daudenak edo familiako esku hartze programen barruan daudenak; eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak.

Harreman horien bidez hainbat motatako laguntza ematen da, hala nola babes emozionala, laguntza psikologikoa, irteera terapeutikoak, familia antolaketa, osasun arloarekiko koordinazioa, indartze pedagogikoa eta zenbait programa, besteak beste Etxean Zurekin eta etxeko laguntza zerbitzua.

COVID-19a dela-eta adinekoen egoitzetan bizi duten egoerari buruzko datuak eguneratu ditu Emilio Solak, eta honako hau adierazi du: “Zentroetan hoberanzko joera argia da, sendatu gehiago eta kutsatu gutxiago dagoelako egunetik egunera”, baina, hala ere, “erne ibili behar da gehiegizko konfiantzarik ez hartzeko, eta ahalik eta kontu eta zuhurtziarik handienarekin jokatzen jarraitu”. Horri lotuta, atsekabetuta jakinarazi du beste pertsona bat hil dela eta, beraz, guztira 138 heriotza izan dira zentro horietan. Koronabirusaren proban positibo eman dutenak 169 dira, eta sendatzea lortu dutenen kopuruak bere horretan jarraitzen du: 247.

Horiek horrela, adierazi du zuzentzen duen saila bere eskuetan dagoen guztia egiten ari dela osasun arloko segurtasunik handiena izan dadin egoitza zentroetan. Jakinarazi duenez, azken egunotan, GOFEk osasun material gehiago jaso du, norbera babesteko 190.000 ekipo (NBE) guztira, eta lurraldeko egoitzetarako nahiz gizarte baliabideetarako izango dira.

Material hau jaso du, zehazki: eraginkortasun handiko 70.000 maskara, FPP2 motakoak, airez transmititzen diren agente infekziosoen pean lan egingo dela aurreikusten denean erabiltzen direnak; nitrilozko 90.000 eskularru pare; erabili eta botatzeko 30.000 mantal eta 3.000 mantal berrerabilgarri. Foru diputatuak jakinarazi du aste honetan bertan espero dutela beste 7.000 mantal berrerabilgarri jasotzea.

Krisia hasi zenetik zenbait eskaera iritsi izanari esker, GOFEk guztira 246.000 maskara eskuratu ahal izan ditu, kirurgikoak zein FPP2 motakoak, bai eta bestelako osasun materiala ere, hala nola txanoak, lohihartzekoak, aurreko mantalak, aurpegiko maskarak, mantalak eta eskularruak. “Gure baliabideetako langileak babesteak jarraitzen du izaten gure lehentasunetako bat, eta horregatik, barneko zein nazioarteko hornitzaileengana jotzen jarraituko dugu, aurrerantzean ere behar den NBEa izateko.”

Azkenik, esan du lanera itzuliko direla Indesa 2010 sozietateko zenbait jarduera egiten dituztenak, hala nola lantegi industrial batzuk eta lorezaintza lan jakin batzuk egiten dituztenak, babes neurri egokiak ziurtatu ondoren.