Arabako Foru Aldundiak 61.370 NBE erosi ditu hondakinen bilketako eta kudeaketako langileak babesteko

0

Arabako Aldundiko Ingurumen Sailak babesteko material gehigarria eskuratu du Arabako hondakinak biltzean eta tratamendu eta kudeaketa lantegietan (Jundiz, TMB lantegia eta Gardelegi) lan egiten duen jendearentzat. Hain zuzen ere, zerbitzu horiek FPP2 motako 12.500 maskara gehiago dauzkate, 40.660 nitrilo eskularru, 780 segurtasun betaurreko, 1.530 babes mantal eta babesteko beste material batzuk, funtsezko zerbitzu honetako langileen segurtasuna bermatzeko.

Josean Galera Aldundiko Ingurumen Saileko diputatuak gaur goizean emaniko datuak dira Arabako Batzar Nagusien Batzorde Iraunkorrean, non haren sailak osasun krisialdian hartutako neurrien berri eman baitu.

Halaber, esan du nabarmen igo dela ontzi hondakinen kopurua konfinamendua hasi zenetik; hau da, edukiontzi horira botatzen ditugun hondakinak. Izan ere, joan den martxoan errefus hori % 18 areagotu zen, joan den urteko hilabete berdinarekin alderatuz gero; aldiz, gainerako errefusetan ez da aldaketa funtsezkorik egon.

Horiek horrela, Galerak aprobetxatu du kontzientziazio mezu bat helarazteko herritarrei eta gogorarazi du zein garrantzitsua den hondakinak banantzen jarraitzea gure etxeetan. “Ezin diezaiokegu utzi erne egoteari, ezta oraingo egoeran ere. Ingurumenaren alde egiten jarraitu behar dugu”, esan du.

Hondakin zerbitzuen egoeren berri ere eman du. Hain zuzen ere, esan du alarma egoeran eten egin dela edukiontzi zuriaren bilketa zerbitzua (berrerabiltzekoa) eta puntu berde mugikorrarena. Gainera, garbiguneak enpresa eta administrazioentzat baino ez daude martxan, eta landa inguruneko bilketa guneak arrazoi oso justifikatuetarako erabiltzea eskatzen da, alarma egoeraren ondorioz dekretatutako zirkulazio mugaren ondorioz.