Arabako Ogasunak zerga neurri gehiago ezarriko ditu krisiak eragindako ondorioak arintzeko

0

“Zerga onurak eskuratzeko malgutasun handiagoa eta epe luzeagoak izatea da helburua, baita salbuespenak aplikatzea ere, familien eta enpresen likidezia hobetzeko”. Horrela laburbildu du Ramiro Gónzalezek, Arabako diputatu nagusiak, Arabako Foru Aldundia prestatzen ari den zerga premiazko araugintzako dekretuaren bidez ezarriko duen neurri multzo berria.

Izan ere, Arabako agintariaren hitzetan, “zerga sistema ere krisi honi aurre egiteko tresna bat da”. Eta Arabako Foru Aldundiak erabaki du neurri gehiago ezartzea, zerga betebeharrak malgutzeko eta familien likidezia hobetzeko. “Ziurgabetasun egun hauetan lasaitasuna eskaini nahi dugu”, erantsi du.

Neurri berri horietako bat BGAEetako edo pentsio planetako aurrezkien zati bat berreskuratzeko aukera da, erretiro adinera itxaron beharrik eta zergetan zigorrik jaso gabe. Krisiak bete-betean jo dituen arabarrentzako ekimena da hori; hain zuzen ere, besteren kontura lan egin eta lan erregulazio espedientean edo aldi baterako lan-erregulazio espedientean dauden langileentzako eta baita langile autonomoentzako ere.

Zerga onurak eskuratzeko epeak ere luzatuko dira; besteak beste, etxebizitza kontuenak edo ohiko etxebizitza saldu osteko berrinbertsioak direla eta aplikatzen diren kenkarienak. “Familiengan eragin handia izango duen neurria da”, azaldu du Gonzálezek.

Ekonomia egiturarako ere badira neurriak: berrikuntzarako eta finantzaketa ekonomikorako Europako inbertsio funtsen malgutzea. Sozietateen gaineko zerga ordaintzeko epea ere luzatuko dute, berrinbertsioak egiten dituztenentzat edo inbertsioak gauzatzeko.

Horrez gain, beste epe batzuk ezarriko dira aldian behingoak ez diren autolikidazioak aurkezteko; besteak beste, ondare eskualdaketen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zergarako edota oinordetza eta dohaintzen gaineko zergarako.

Bestalde, alarma egoeraren hasierak eragindako kasuetan, berraztertze errekurtsoak edota erreklamazio ekonomiko-administratiboak aurkezteko epeak malgutuko dira eta zenbait administrazio prozedura eten. Neurri horien guztien helburua da herritarrek segurtasun juridiko handiagoa izatea.

Amaitzeko, atzeratu egingo da hasiera batean 2020ko ekainaren 1erako aurreikusita zegoen derrigorrezko jakinarazpen elektronikoa.