Bizkaiko Foru Aldundiak Berbanet proiektua sortu du erakundeko langile guztientzat

0

Bizkaiko Foru Aldundiak Berbanet proiektua abiarazi du, hala nahi duten langileek aukera izan dezaten euskaraz mintzapraktika egiteko, telematikoki. Programa honen bidez, foru-sail guztietako langileek jarioa handitzea, beldurra kentzea eta lan-eremuan euskaraz hitz egiteko ohitura finkatzea lortu nahi da, eta, bidez batez, mintzamenaren eta ahozko ulermenaren maila hobetzea.

Saioak bikoteka egingo dira: kideetako bat euskaraz hitz egiteko ohitura gutxi duen eta maila hobetu nahi duen pertsona bat izango da (berbalaria), eta bestea, euskaraz hitz egiteko ohitura handiagoa daukana (berbalaguna), elkarrizketan berbalariari laguntza emango diona. Bikote bakoitzeko kideak astean behin jarriko dira harremanetan, telematikoki, 30 minutuz euskaraz hitz egiteko. Elkarrizketak bitarteko telematikoen bidez egingo dira: bideo-konferentziak, telefono-deiak, bideo-deiak, etab. Bikote bakoitzak erabakiko du saioa egiteko asteko eguna eta ordua.

Berbaneten parte hartzeko ez da euskara-titulurik behar, baina komeni da berbalariak gutxienez B1 maila izatea (1. hizkuntza-eskakizuna).

Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak bulego tekniko moduan jardungo du egitasmoak dirauen bitartean: saioak bultzatu eta dinamizatuko ditu eta haien jarraipena egingo du.

Berbaneten lehen edizio hau edizio pilotua da, eta irailetik Euskaraldiaren 2020ko edizioa amaitu arte garatuko da, hau da, abenduaren 4ra arte. Ekainaren 1era arte egongo da irekita izena emateko epea.