Kurtzea-Lezamako tren geltokiko igogailuak martxan jarri dituzte

0

Euskal Trenbide Sareak gaur ireki ditu Matiko-Lezama lineako Kurtzea-Lezamako geltokiko trenbide gaineko oinezkoentzako igarobiderako bidea ematen duten igogailuak. Helburua, bi nasen arteko sarbide zuzena ematea eta trenaren erabiltzaileen eta herritarren irisgarritasuna hobetzea da, izan ere, orain arte geltoki kanpotik zihoan lur azpiko igarobide bat baino ez zegoen. Igarobidea joan den otsailean ireki zen, baina eskaileretatik baino ezin zitekeen bertara heldu. Hori dela eta, gaurtik aurrera, mugikortasun urria duten pertsonei ere irisgarritasuna bermatzen zaie.

Bilboko metroaren 3. linea Txorierriko hainbat terminaletan homogeneizatzeko lanak duela urte batzuk hasi ziren. Ordura arte desberdinak ziren, eta ez zioten diseinu eta funtzionalitate irizpide berari erantzuten. Lan horiei esker Kurtzea-Lezamako geltokia berriztatu ahal izan zen. Ordutik, BI-737 errepidetik eta Aretxalde auzoko 144 zenbakiaren inguruetatik sartu daiteke. Bi kasuetan, arrapala baten eta eskailera batzuen bitartez hel daiteke bertara. Nasa batetik bestera igarotzeko, berriz, lur-azpiko pasabide batetik egiten zen orain dela gutxi zabaldu zen igarobidea erabili arte. Lehen zegoen pasabidea, puntu beltza izateaz gain, ezin zuten erabili mugikortasun urria zuten pertsonek.

Lanen barruan, igogailuen behealdeko zuloen hutsunea sortzeko zeuden lurren hondeaketa lanak, euspenerako hormak eta zuloko euskarrien zimendatze lanak egin dira. Igogailu panoramikoek zortzi pertsonarentzako ahalmena (630 kg), telefono bidezko konexioa eta bideo-zainketa sistema dute.

Igogailuei erantsitako eskailerak, gaueko argiztapena duen 12 metroko luzerako igarobide batek lotzen ditu. Horrela, trenbideak gainditzen dira eta bi nasak geltokiaren kanpoaldetik modu irisgarrian lotzea lortzen da, eta auzotarren mugikortasuna ere hobetzen da. Azkenik, behealdeko igarobidea kendu egin da, betelanak eginez.