Garraioko segurtasuna lehenesten du Arabako Foru Aldundiak deseskalada garaian

0

Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Sailak lehentasuna emango die foru garraioko zerbitzuen segurtasunari eta osasunari deseskalada etapan, autobusen edukiera mugatuz, BAT txartelaren bidez ordainduz, atzeko atetik sartuz eta garbiketa eta aireztapena indartuz. Eskaintza uneoro egokituko da bidaiarien arteko bereizketa fisikoa eta Arabako herritarren mugikortasuna bermatzeko.

Javier Hurtado Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren foru diputatuak gaur egin du iragarpena, berak eskatuta Arabako Batzar Nagusietan egindako agerraldian, COVID-19ri lotutako osasun krisian egin duen kudeaketa azaltzeko. Krisi horrek bidaiari kopuruaren % 95eko jaitsiera eragin du, batez beste, Alavabus lineetan, eta % 70etik gorako jaitsiera eskualdeko garraio zerbitzuaren eskarian.

Hurtadoren esanetan, foru garraioak «normaltasun berrirako» trantsizio etapa honetan laguntzeko erantzukizuna du, bidaiariei «segurtasuna» eta «kalitatea» eskainiko dizkien zerbitzu batekin arabarren mugikortasun beharrei erantzuna ematean. Eta zehaztu du horretarako lanean ari direla Espainiako Gobernuaren deseskalada programa eta Euskadiko Garraio Agintaritzaren irizpideak erreferentziatzat dituen plangintza batean.

«Normaltasun berrirako trantsizioak orain arte hartutako segurtasun neurri asko mantentzea ekarriko du, hala nola autobusen edukiera plazen erdira mugatzea bidaiarien arteko tartea ziurtatzeko, BAT txartelarekin ordaintzea, atzeko atetik sartzea eta garbiketa eta aireztapena areagotzea. Maskara nahitaez erabiltzeak neurri horiek indartzea eta erabiltzaileen artean konfiantza sortzea ahalbidetzen du», gaineratu du.