Gatz Haranak eta gastronomiaren munduak bat egin dute Añanako gatzaren etorkizuna ziurtatzeko

0

Gatz Haranak eta gastronomiaren munduak bat egin dute Añanako gatzaren etorkizuna ziurtatzeko. Hain zuzen, estatuko zein nazioarteko besteak beste sukaldari, gozogile eta koktelgile talde batek, Gatz Harana Fundazioarekin batera, errezeten programa solidario bat sortu du, Añanako gatza erabil dadin bultzatzeko. Sare sozialetan ikusi ahal izango da, astelehenetik ostiralera, 20:00etan.

Ana del Valek adierazi duenez, “Bai osasun krisiaren bai datorkigun krisi ekonomikoaren ondorioz, oso garai zailak bizitzea egokitu zaigu. Bada, egoera honetan, era bakarra daukagu Gatz Haranaren eta hango langileen etorkizuna ziurtatzeko: lankidetza sareak sortzea eta gatza ekoizten eta saltzen jarraitzea, baita bisita gidatuak egiten jarraitzea ere”.

Borroka horrek Añanako gatzaren balioa defendatzen du, gizartearen eta ingurumenaren jasangarritasunarekin engaiatuta dagoen gertuko produktu tradizionalaren adibidetzat hartuta, eta horri laguntzeko, gastronomiaren munduak eta Gatz Haranak proiektu hau sortu dute: #JarriZureGatzAletxoa

Proiektuaren koordinatzaileak dira Jon Gil eta Luis Hernani sukaldariak, lehena Aspaldiko jatetxekoa eta bigarrena Mano Lenta-koa, Gatz Harana Fundazioarekin batera, eta proiektu horretan konpromiso solidarioa hartu dute estatuko zein nazioarteko izen handiko hainbat sukaldari, gozogile eta koktelgilek, besteak beste, bideo bat egin eta bideoan Añanako gatza protagonista duen errezeta bat erakusteko. Errezeta programa horren helburua da Añanako Gatza markaren balioak hedatzea. Izan ere, gogoan izan behar da irabazteko xederik gabeko fundazio batek kudeatzen duela eta gatzaren salmentatik eta bisitetatik lortutako diru sarrera guztiak Gatz Haranerako erabiltzen dituela.

Bideoak, astelehenetik ostiralera ikus daitezke, 20:00etan, Gatz Haranaren eta laguntzaileen beraien sare sozialetan.