Kimuak 2020 aukeraketan parte hartzeko deialdia zabalik dago

0

Etxepare Euskal Institutuak antolatutako eta Euskadiko Filmategia Fundazioak kudeatutako programa honek, euskal film laburren sustapena eta banaketa du helburu. Dei honetan hautatuak suertatzen diren film laburrak KIMUAK deiturapean jasoko dira eta nazioarteko zinema jaialdi zein ikus-entzunezko ospakizun garrantzitsuenetara bidaliko dira.

Aukeraketan parte hartu nahi duten zuzendari edo ekoizleek, 30 minututik beherako iraupena duten lanak bidali beharko dituzte. Partehartzaile bakoitzak nahi beste film labur aurkeztu ahal izango ditu, betiere 2019ko ekainaren 1etik aurrera osatutakoak badira.

Bestalde, beharrezkoa izango da zuzendariak edota ekoizle nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) egoitza izatea. Hautagaitza zuzendariak aurkezten badu, gutxienik deialdia argitara eman baino urtebete lehenagotik EAEn erroldatuta dagoela egiaztatu beharko du, edo bertan bost urtez jarraian edo hamar urtez tarteka bizi izan dela. Film laburra ekoizle edo ekoiztetxe batek aurkezten badu, ordea, EAEn izan beharko du egoitza, eta lana bi enpresa edo gehiagoren arteko koprodukzioa bada, EAEko ekoizleak gehiengoa duen bazkidea izan beharko du.

Ez dira onartuko komertzialki estreinatuak izan diren edota telebistaz, internetez edo beste edozein plataforma publikoren bitartez hedatu diren film laburrak. Halaber, lanok gehienez 25 zinemalditara aurkeztu izatea onartuko da.

Deialdiaren oinarriak eta izena emateko formularioa kimuak.com web gunean daude eskuragarri.

Bizi dugun salbuespenezko egoera dela eta, KIMUAKek beretzat gordetzen du oinarri hauetan aldaketak egiteko aukera.