Zaldibarko zabortegiko egonkortze-lanak gainbegiratu dituzte

0

Elena Moreno Ingurumeneko sailburuordea gaur goizean izan da Zaldibarko zabortegian, joan den otsailaren 6az geroztik Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila bertan egiten ari den erreskate- eta egonkortze-lanak gainbegiratzen.

Verter Recycling enpresak Zaldibarren duen zabortegian izandako luiziaren ondorioak ikusita, Ingurumen Sailak hasieratik hartu zituen bere gain, eta modu subsidiarioan, premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta exekuzioa, eta lan horiei esker zabortegia egonkortzea, inguruan eta ingurumenean arriskuak gutxitzea eta, nagusiki, desagertutako bi langileak, Alberto Sololuze eta Joaquín Beltrán, segurtasun osoz bilatzeko lanak erraztea lortzen ari dira.

Alde horretatik, Elena Morenok adierazi duenez, “hiru hilabete igaro dira Verter Recycling enpresaren zabortegian izandako luiziak eragin zuen tragedia hartatik, eta gelditu ere egin gabe ari gara Alberto Sololuzeren eta Joaquín Beltránen gorpuen bila. Egun bakar batean ere ez diegu utzi bilaketa-lanei, eta horretarako ekipo eta baliabide guztiak jarri ditugu”.

Ingurumeneko sailburuordeak premiazko lan horien garrantzia nabarmendu nahi izan du, eta adierazi du Ingurumen Saila modu subsidiarioan ari dela lan horiek egiten, enpresa ez delako horiek egiteko gai izan.

Horrez gainera, gogoratu du luizia izandako 4 leku ezberdinetan ari direla aldi berean lanean: alde batetik, desagertuta dauden bi pertsonak bilatzeko eta, bestetik, egonkortze-lanak egiteko. Era guztietako hogei makina baino gehiago ari dira lanean: atzerako hondeamakinak, bulldozerrak, bahetzeko makinak, eta abar, bai eta hainbat eta hainbat kamioi ere materiala pilatzen.

Egunero ehun bat pertsona aritzen dira lanean hondamendiari konponbidea ematen: ingeniariek, geologoek, geoteknian adituek eta airearen eta uraren kontrolean espezialistek osatutako talde handi bat, talde juridikoa eta kontrataziokoa, eta abar, eta horiekin batera era guztietako makinaria astuna erabiltzen duten langileak eta arduradunak.

Morenok erantsi du une hauetan egiten ari diren jarduketa garrantzitsuenetako bat hondakinen segurtasuneko depositua eraikitzea dela, eta, horrez gainera, indusketa-lanak, lur-berdinketak, sarbideak eta lanerako plataformak irekitzeko lanak, agregakinen garraioa eta isolatzaile geosintetikoak jartzeko lanak ere egiten ari dira. Deposituaren lehenengo fasea orain dela hainbat aste jarri zen abian, eta horri esker bilaketa-lanekin etenik gabe jarraitu ahal izan da.

Era berean, lixibiatuak eta ur-masak kontrolatzeko lanak egiten ere ari dira. Lixibiatuen aurreko eroanbidea saneamendura bideratu da, eta zabortegiko ia lixibiatu guztiak kolektore horren bidez bideratzen dira saneamendu-sistemara. Horrez gainera, zabortegiaren inguruko herrietako airearen kalitatea zorrotz kontrolatu da, eta kontrol hori areagotu egin zen hainbat sute aktibo egon ziren egunetan, harik eta itzali zituzten arte. Alde horretatik, sailburuordeak adierazi duenez, airearen eta uraren kalitatea parametro normaletan daude aspalditik.

Bestalde, Elena Morenok aipatu du Ingurumen Sailak Lurren Ingeniaritzan eta Geoteknikan adituak kontratatu dituela luiziaren arrazoiak argitzeko peritu-txosten bat egiteko, eta jada ari dira zaborren eta zabortegiaren ezaugarriak lekuan bertan aztertzen. Era berean, Britainia Handiko aholkularitza-enpresa ezagun bat ere kontratatu da kanpoko auditoria bat egiteko, eta ingurumeneko baimen bateratua, emakida eta Zaldibarko zabortegia bezalako instalazio batek bete beharreko baldintzak eta izan beharreko kontrola aztertuko ditu.