Arkauteko Akademiak pixkanaka ekingo dio berriz prestakuntza-jarduerari maiatzaren 18tik aurrera

0

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zuzendaritza Batzordeak gaur egin du ezohiko bilkura Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburua bertan dela, eta erabaki du berriz ekitea pandemiaren ondorioz martxoaren 10ean bertan behera geratu ziren jarduerei. Horrez gainera, Batzordeak erabaki du alarma-egoera aldarrikatu zenetik Erakunde Autonomoaren Zuzendaritza Nagusiak egin dituen jarduketak baliozkotzea, Ertzaintzaren 28. Promozioaren eta Udaltzaingoaren Hirugarren Deialdi Bateratuaren ikasketa-planak prestakuntza-jardueren etenaldira egokitzea eta 2020an egingo diren jardueren egutegia aldatzea.

Udaltzain-laguntzaileen poltsarako kideak izango dira martxoaren 18an, astelehenean, Akademian aurrez aurreko formakuntzari berriz ekiten lehenengoak, 80 pertsonako hiru txandatan egingo dute, taldeka hiru egunez jarraian eta, aurreikuspenen arabera, hiru astean 200 edo 240 pertsona egon litezke poltsa horretan Euskadiko udalen aginduetara.

Horrela, maiatzaren amaieran egingo da Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsa osatuko dutenen online prestakuntzaren ebaluazio-azterketa.

  1. Promozioa, ekainetik aurrera

Ekainaren 1ean hasiko dira Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian pixkanaka sartzen 28. Promozioko ikasleak, etenda geratu zen prestakuntza-aldia osatzen joateko. Prestakuntza-aldi horri 40 bat pertsonako 8 taldetan ekingo zaio. Formakuntza egoeraren arabera joango dira osatzen, eta talde batek amaitu ahala, hurrengoa sartuko da Akademian. Uztailaren amaieran ebaluazio osoa egingo da, eta ertzain-etxeetan eta unitateetan azken praktikak egiteko destinoak esleituko zaizkie, lortutako kalifikazioen araberako aukera-hurrenkeraren sistemari jarraituz.

Datozen hilabeteotan Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak aurre egin beharreko beste erronka bat Ertzaintzaren eta udaltzaingoen lehenengo hautaketa-prozesu bateratuari hasiera ematea izango da, eta 810 plaza eskaini eta deituko dira. Lehenengo probak joan den martxoaren 14an egitekoak ziren, baina bertan behera geratu zirenez, orain egin beharko dira osasun-agintaritzak jende asko pilatzen den ekitalditarako ezartzen dituen neurriak kontuan hartuta, guztira 6.000 pertsona baitaude izena emanda.

Akademia jada ari da aukera ezberdinak aztertzen, eta, esate baterako, lehenengo probak egun berean eta ordu berean egoitza ezberdinetan egitea aurreikusten du, hiru lurralde historikoetako bakoitzean bat eta abuztua baino lehen.

Bestalde, irailean osatuko da Udaltzaingoko Hirugarren Deialdi Bateratuko formakuntza (319); izan ere, zerbitzuan sortzen diren beharrei une horretan erantzun ahal izango zaie laguntzaileen poltsetan eta Udaltzaingoko bitarteko agenteen poltsetan dauden pertsonekin. Prestakuntza-aldi horri iraileko bigarren hamabostaldian ekingo zaio.