Hezkuntza Sailak maiatzeko ikasgeletarako itzulera eragileekin partekatu du

0

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak bideokonferentzia bidezko bilera egin du gaur goizean Euskal Hezkuntza Sistema osatzen duten eragileekin (ikastetxe publikoetako zuzendarien elkartea, hezkuntza-patronalak, familia elkarteak, sindikatuak eta Euskadiko Eskola Kontseilua). Bileran Uriartek lagun izan ditu Maite Alonso Hezkuntza sailburuordea, Olatz Garamendi Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordea eta Nicolas Sagarzazu Lanbide Heziketako Plangintza eta Antolaketa zuzendaria.

Bileraren helburua izan da hezkuntza-komunitate osoarekin partekatzea ikasleen zati batek ikasturte honetan aurrez aurreko eskoletara egingo duten itzulera, bai eta ikasgeletarako itzulera horretan bete beharreko baldintzak ere, betiere Osasun Sailaren bermez. Eusko Jaurlaritzak egindako ikasturte amaierako Hezkuntza Planean jasotzen den bezala, DBHko 4. mailako ikasleak, Batxilergoko 1. eta 2. mailetakoak eta Lanbide Heziketako 1. mailako ikasleak laster itzuliko dira eskola presentzialetara.

Osasun-bermeak eta hezkuntza-lehentasunak

Itzulera horri begira, Hezkuntza Sailak funtsezko irizpide batean oinarrituta egin du lan: osasun-irizpidea. Eta horretan oinarrituta, hezkuntza irizpide bat defendatu du. Lehentasunezkoa da ikasleen, irakasleen eta hezkuntza-eremuko gainerako profesionalen segurtasuna eta osasuna bermatzea.

Eskola-jarduerara presentzialerako itzuleraren aurrean, Hezkuntza Sailak zenbait osasun-neurri zehaztu ditu, betiere Osasun Sailarekin eztabaidatu eta kontrastatuak. Hauek dira neurri garrantzitsuenak:

  • Espazioak. 1,5 metroko tartea utziko da eskola-postu bat eta bestearen artean.
  • Maskarak. Ikasleek zein irakasleek, eta baita gainerako hezkuntza-profesionalek ere musukoa jantzita erabili beharko dute eskola-esparruan dauden bitartean.
  • Ikastetxera iritsiera. Ikastetxeko zuzendaritzak modu mailakatuan antolatuko ditu ikastetxeko sarrera-irteerak.
  • Sarbideak. Bi sarbide dituzten ikastetxeek zehaztuko dute zein den sarrera eta zein irteera, beti norabide bakarrekoak izango direlarik.
  • Jolastokia. Hainbat txanda ezarri, ikasle guztiek ordu berean bat egin ez dezaten.
  • Jantokia. Osasun eta segurtasun neurriak lehenesteko, ikasturte amaieran jantokiko zerbitzu osagarria ez da abian jarriko.

Jantoki-zerbitzua abian ez jartzeak erraztu egingo du ikastetxeek beren ohiko ordutegiak egokitzea, irakaskuntza presentzialak egunean 5 orduko ordutegi trinkoa izan dezan aipatutako hezkuntza-mailetarako.

Hezkuntza-etapak mailaka itzuliko dira: Batxilergoko 2. Mailako ikasleak, Goi Mailako Lanbide Heziketakoak (1. eta 2. mailak) eta Erdi Mailako eta Oinarrizko Lanbide Heziketako 2. mailakoak maiatzaren 18an itzuliko dira; DBHko 4. Mailako ikasleak, Batxilergoko 1. mailakoak eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako 1. mailakoak, berriz, maiatzaren 25ean itzuliko dira.

Maiatzaren 25etik aurrera, familiek Hezkuntza Bereziko ikastetxeak eta gela terapeutikoak izango dituzte eskura.

Horrez gain, hau ere maiatzaren 25erako, eta araubide bereziko irakaskuntzei dagokienez, ikastetxe bakoitzak erabakiko du, bere ezaugarrien arabera, garatuko dituen presentzialtasun maila.

Familia bizitzarekin bateragarri egitea

Hezkuntza sistema alde batera utzita, garrantzitsua da nabarmentzea Eusko Jaurlaritzak berariazko laguntza-zerbitzua eskainiko duela Haurreskolak Partzuergoaren bidez.

Koronabirusaren eraginez zerbitzua mugatu beharra dagoen aldi honetan,  0 eta 1 urteko haurrak dituzten familiei zuzenduta egongo da Haurreskolen arreta, baldin eta haien gurasoek edo tutoreek frogatzen badute funtsezko esparruetan lan egiten ari direla edota mendeko pertsonen zaintza beren gain dutela.

Une honetan, Osasun Sailarekin lanean ari da Hezkuntza Saila beharrezko neurriak zehazteko, baina aurreikuspena da zerbitzu hori maiatzaren amaieran edo ekainaren hasieran eman ahal izatea.