Osasun Sailburu Nekane Murgak eta Garapen Ekonomikoko Sailburu Arantxa Tapiak gaur eman dituzte ezagutzera Euskadik astelehenean abiatuko den deseskalatzearen lehen fasean hartuko dituen neurriak. Denak ere, osasun publikoa bermatuz normaltasunera mailaka itzultzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen trantsizio sanitario, sozial eta ekonomikorako Bizi Berri Planaren baitan.
Iñigo Urkullu Lehendakariak berak atzo Legebiltzarrean iragarri bezala, fase honetara igaro ahal izan da Euskadik bai epidemiologikoki bai osasun arreta-ahalmenari dagokionez, normaltasunera bueltatzeko bidean aurrera egiteko baldintza guztiak betetzen dituelako; beti ere, osasun publikoa bermatuz eta, hortaz, norbanako nahiz taldeko konpromisoari eutsiz.
Bi sailburuek maiatzaren 11tik 24ra bitartean Euskadin pandemiak izango duen bilakaera positiboa mantentzearen zain dauden neurri nagusiak azaldu dituzte.
Bestalde, Nekane Murga sailburuak iragarri du, Osasun Sailak eta Osakidetzak hasitako ohiko asistentzia-jardueraren errekuperazio-prozesuaren testuinguruan, astelehenetik aurrera, COVID ez diren eremuetan ospitaleratutako pazienteak pertsona baten bisita jasotzen hasi ahal izango direla. Hala ere, ez da gauza orokorra izango. Bisita jasotzeko aukera banaka baloratuko da.