Eusko Jaurlaritzak eta ORONA Fundazioak eguneko 2.000 otordu banatu dituzte elkartasunez

0

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Xabier Mutuberria Oronako Zuzendari Nagusiarekin batera, JAKIORO ekimena aurkeztu du, baserriko produktuetan oinarrituz, eta helburua du nekazaritzako soberakinaren zati bat bildu, prestatutako janari bihurtzeko eraldatu eta, Gurutze Gorriaren bitartez, hura banatzea. Horretarako, Guztion Artean ekimeneko pertsona boluntarioek parte hartuko dute, COVID-19ak eragin duen ekonomia-egoerak kaltetutako pertsonei zuzenduta.

Pandemiak sortutako egoerak distortsioak eragin ditu Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen diren nekazaritzako elikagai-produktuak merkaturatzeko orduan, batez ere HORECA kanalaren mende dauden produktuetan. Kanal hori ez dago indarrean, eta arrisku handia dago produktu horiek galtzeko, ez baitago beste irteera komertzial motarik antolatuta.

Bestetik, osasun-krisiak kolektibo kalteberenen gizarte-arloko beharrizanak handitu ditu Eusko Jaurlaritzak bideratutako elkartasuna hazi ahala, Euskadiko Caritas eta Gurutze Gorriaren parte-hartze aktiboa duen Guztion Artean ekimenaren bitartez.

Halaber, industria-sektorea hilabete hauetan zailtasunak izaten ari den arren, ORONA Gipuzkoako kooperatibak, igogailuen sektorean liderrak, ahalegin berezia egin du bere Fundazioaren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoko familia behartsuenei elkartasunez laguntzeko.

Testuinguru horretan, HAZI (Eusko Jaurlaritzaren mendekoa) eta ORONA fundazioak JAKIORO elkartasun proiektua jarri dute martxan duela egun batzuk, baserriko produktuetan oinarritua. Orain arte, prestatutako 18.564 otordu-unitate banatu dira. Akordioan, eguneko 2.000 anoa prestatzea aurreikusi da eta banaketak astean bi bider egitea. Lehendabizi, baserriko eta elikadura-enpresetako soberakinak bildu eta Oronaren mendeko Diámetro 200eko instalazioetan prestatzen dira, Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean.

Ekimen hau garatzeko HAZI eta ORONAren arteko akordioa hurrengo hilabeteetan egongo da indarrean, baliabideen beharrizanen eta eskuragarritasunaren arabera.