Etxebizitza Sailak prozesu parte-hartzaile bat hasi du COVID-19aren ondoren etxebizitzaren etorkizuna eztabaidatzeko

0

Etxebizitza Sailak parte hartzeko eta eztabaidarako prozesu ireki bat jarri du abian, arlo honetan lan egiten duten eragileekin eta erakundeekin, COVID-19aren krisiak etxebizitzaren arloan agerian jarri dituen premiak eta erronkak eztabaidatzeko eta etorkizunerako konponbideak eta ideiak planteatzeko. Pandemiak, eta horren ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialek, agerian jarri dute “etxebizitza duina eta egokia izatea oraindik ere premia biziagoa dela jendeak konfinatuta egon behar duenean”, adierazi du Iñaki Arriola sailburuak.

Hori dela eta, Etxebizitza Sailak, pandemiaren aurkako borrokaren beste fase batean sartuko garen honetan, erabaki du eztabaida zabal bati ekitea, elkarlanean identifikatu ahal izan daitezen esperientziatik ondoriozta daitezkeen ikasbideak eta etorkizun-ildoak, etxebizitza-politika jakinak zehazteko helburuarekin. Asmoa da eragile instituzionalekin, ekonomikoekin eta sozialekin adostea epe laburreko, ertaineko eta luzeko konponbideak, eta horiek etxebizitzaren esparruko Arlo Ekonomikoa eta Soziala Suspertzeko Plan batean eta hurrengo Jaurlaritzak 2021-2023 aldirako Etxebizitzaren Gida Plan berrian estrategia moduan txertatuko dituen bide-orri batean jasotzea.

Babes sozial handia duten etorkizuneko proposamen horiek bi helburu nagusi izango lituzkete: etxebizitza benetan eskuratzea eta eraikuntzaren sektorea suspertzea ekonomiaren eta enplegua sortzearen ikuspegitik, arreta berezia jarrita alokatzeko babes ofizialeko etxebizitzen sustapenean eta birgaitze integralean.