Euskadiko deseskaladaren 1. Fasean jarduera fisikoa eta kirola egiteko baldintzak jasotzen dituen dokumentu bat argitaratu dute

0

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzaren bidez, Euskadiko deseskaladaren 1. Fasean jarduera fisikoa eta kirola egiteko baldintzak jasotzen dituen dokumentu bat argitaratu du. Euskal Autonomia Erkidegoan jarduera fisikoari eta kirolari dagokienez 1. fasearen aplikazioa arautzen duen Lehendakariaren Dekretuaren ildo nagusiak jasotzen ditu dokumentuak.

Dokumentu honetan jasotzen diren ildo orokorrez gain (erantsitako PDFan kontsulta daitezke), Eusko Jaurlaritzak euskadi.eus webgunean jaso ditu Euskadin 1. fasean jarduera fisikoa eta kirola egiteko baldintzei buruzko xehetasun guztiak, maiatzaren 11tik 24ra bitarteko tarteari dagozkionak. Xehetasun horiek guztiak webgune honetan kontsulta daitezke: euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/kirolak

Jarduera fisikoa eta kirola egiteko ildo nagusiak honako hauek dira:

JARDUERA FISIKOA ETA KIROLA

  • Arau orokor gisa, jarduera fisikoa eta kirola egin daiteke, betiere segurtasun-, osasun- eta higiene-neurriak errespetatuz. Egunean behin egin ahal izango da, 06:00etatik 10:00etara edo 20:00etatik 23:00etara, norbera bizi den udalerrian edo ondoko udalerrietan.
  • Federatuek goizeko eta arratsaldeko tarteetan egin ahal izango dute kirola, betiere bizi diren udalerrian edo ondokoetan.
  • Goi-mailako kirolariek edo profesionalek edozein ordutan egin dezakete kirola, lurralde osoan.

KIROL INSTALAZIOAK

  • Kudeaketa publikoko kirol instalazioak itxita egongo dira.
  • Kudeaketa pribatuko aire zabaleko instalazioak ireki ahal izango dira, baldin eta jarduera indibiduala bada edo gehienez bi kirolarik egiten badute.
  • Instalazio itxietan, entrenamendu pertsonala baino ez da baimenduko (banakako entrenamendua: bezero bat entrenatzaile bakoitzeko).
  • Kirol instalazioetan, aire librekoak zein itxiak izan, ez da kontaktu fisikorik baimenduko, eta bi metroko distantzia mantenduko da. Era berean, edukieraren % 30 errespetatu beharko da, eta bizitokia instalazioa kokatuta dagoen udalerrian edo mugakideetan duten pertsonek baino ezin izango dute bertara sartu.