900 profesionalek parte hartu dute Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatutako online prestakuntza-jardunaldietan

0

Estatu osoko musika- eta dantza-eskoletako 900 profesionalek baino gehiagok parte hartu zuten joan den asteburuan Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak antolatutako online prestakuntza-jardunaldietan, UEMyD (Unión de Escuelas de Música y Danza) eta EHME (Euskal Herriko Musika Eskolen Elkartea) elkarteekin batera.

Ekimen honen helburua, musika eta dantza eskoletako irakasleei eta langileei online tresnak ematea zen, online irakaskuntza artistikoari aurre egiteko, batez ere COVID-19ren ondoriozko alarma- eta konfinamendu-aldi honetan.

Emaitza, lau areto birtualetan egindako hitzaldi, jarduera eta tailerrak izan dira, bi egunetan banatuta. Bertaratutakoek aldeko balorazioa egin dute, hitzaldien maila altuari eta horiek behar bezala antolatzeari esker. Kataluniako Elkartearen (ACEM) eta Balentziako Elkartearen (FSMCV) partaidetza zabalarekin, ekitaldiak 940 parte-hartzaile izan ditu.

Hurrengo jardunaldiak planifikatzeko, UEMyDek informazioa bildu nahi izan du, eta, horretarako, azken inkesta bat eskaini du, izena eman dutenen gogobetetasuna ezagutzeko. Lortutako emaitzak bikainak izan dira, esker oneko mezu ugari jasoaz.

Beraz, jardunaldien estimazio orokorra oso ona da, aretoetako moderatzaileek, hizlariek eta hitzaldiek puntuazio altua jaso dutelarik. Horrelako jardunaldi gehiago egiteko eskaera asko jaso dira, eta gehienek online jasotzea aukeratu dute. Era berean, parte-hartzaileek landu beharreko gai berriak eta sakontzea gustatuko litzaiekeen beste batzuk iradoki dituzte.

Saioetara joaterik izan ez zuten edo saioen errepasoa egin nahi duten pertsona inskribatuen kasuan, bideo-grabazioak parte-hartzaileen eta UEMyDi atxikitako eskolen eskura jarri dira.

Musika eta Dantza Eskolen Batasunak, musika- eta dantza-eskoletako irakasleentzako eta langileentzako etorkizuneko jardunaldiak antolatzea aztertuko du. Alderdiei eskerrak eman nahi dizkie eztabaida aberasgarri horietan parte hartzeagatik. Helburua bete dugula uste dugu, eta zorionak ematen dizkiogu haren parte izan den orori.