Donostia lanean ari da hiria errealitate berrirako prestatzeko

0

Eneko Goia Donostiako alkateak Udalbatzako Batzordeen bilkuran agertu daCOVID-19ak eragindako osasun-krisian Udalak egindako lana azaltzeko. Goiak adierazi duenez, martxoko lehen astetik aurrera, oraindik gertatutakoa sinesgaitza zirudienean, Udaleko Koordinatzaile Nagusiari eskatu ziola lantalde bat osatzeko, etor zitekeenari aurre egiteko beharrezko neurriak hartzeko; besteak beste, ematen diren zerbitzuak bi kategoriatan banatzeko erabakia, hain zuzen ere, funtsezkoak eta ez-funtsezkoak. Eta erabakia azkar hartu zutela.

Horrela, martxoaren 13an, Udalak erabaki zuen, herritarrei eskaintzen zaizkien zerbitzuak ixten joatea eta Udala bera etor zitekeenari aurre egiteko prestatzea. Horren harian, Eneko Goiak adierazi duenez, alarma egoera honetan, Udala Espainiako Gobernuak inposatutako neurriak betetzen saiatu da.

Udalaren berezko lanei dagokienez, Goiak azpimarratu du lan nagusia pertsona ahulenei laguntzea izan dela, eta besteak beste segidako neurriak hartu dituela: etxerik gabeko pertsonei ostatu emateko baliabideak jartzea; hiriko gizarte-eragile askorekin lankidetzan, adinekoei laguntzeko Lagunkate ekimena; eta gizarte-zerbitzuak erabat aktibatzea”. Eta lan horiek martxoko bigarren hamabostaldian egin dira.

Apirilean zehar, jarduera oro gelditzearen ondorioz sor zitekeen egoera ekonomikoari aurre egiteko estrategia bat landu zen. Horrela, Udalak, Sustapen Sozietatearen eskutik, Ekonomia Suspertzeko Plana aurkeztu zuen. Eta plan hau plan bizia da, eta luzea aurreikusten den prozesu batera egokituko den plana da, erronkei aurre egiteko neurri berriak hartzea eskatuko duen plana.

Hortaz, Donostiako alkateak etorkizunean jarri dugu begirada: “Zaila da aurreikuspen ziurra egitea, baina aurkeztuko zaizkigun agertoki berriak marrazten saiatu behar dugu, deseskalatze-prozesuaren amaieran iritsiko den errealitate berrirako hiria ahalik eta hobekien prestatzeko. Eta horretarako, beharrezkoa izango da talde guztien elkarlana eta talde guztien ekarpenak, osasun-krisi horrek ekarriko dituen ondorio sanitario, ekonomiko eta sozialei aurre egiteko”.