Osasunaren ikuspegitik COVID 19ak sortutako pandemiari emandako lehentasunezko erantzunaz gain, krisi horrek eragin zuzena du eta izango du gure bizitzako esparru askotan, hala nola ekonomikoan, edo, besteak beste, emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez, eta hauei heltzea beharrezkoa da baita ere. Ildo horri jarraiki, «COVID-19a eta emakumeen aurkako indarkeria: Ikaspenak eta proposamenak» da Emakundek «Garbira pasatzeko apunteak» izeneko online ziklo berri baten barruan antolatu duen lehen mahai-inguruaren izenburua. Ziklo honen bidez COVID19ak berdintasunean eta emakumeen aurkako indarkerian duen eraginari buruzko eztabaida eta hausnarketa partekatua sortu nahi da. Lehen mahai-ingurua ostegun honetan, maiatzaren 14an, egingo da, arratsaldeko seietan, eta Monica Ramos antropologoak, Norma Vázquez genero indarkerian aditua den psikologoak eta Jorge Freudenthal tratu txarrak ematen dituzten gizonekin lan egiten duen psikologoak parte hartuko dute. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak aurkeztuko du hitzaldia, eta Pilar Kaltzada kazetariak moderatuko du. Emakunderen webgunearen bidez ikusi ahal izango da, Emakunderen espazio birtualean. Seinu hizkuntzako itzultzailea izango da.
Zikloaren helburua hausnarketak eta eztabaidak sortzea da, ekarpenak jasotzea eta, ekintza puntualetan geratu beharrean, etorkizunerako proposamenak sortzeko foro bihurtzea. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, «oso garrantzitsua iruditu zaigu hausnarketak partekatzeko eta ekarpenak jasotzeko gune bat sortzea, pandemiaren ondorioz emakumeen eta gizonen berdintasunari dagokionez sortutako erronka berriak identifikatzeko egiten ari garen lanean sakontzeko». Landaidaren hitzetan, helburua » adituen, mugimendu feministaren eta nazioarteko administrazio eta erakundeen laguntzarekin, besteak beste, gure erabakietan ahalik eta gehien findu ahal izatea inor atzean ez uzteko». Ildo beretik, Emakundek bere webguneko gune espezifiko bat jarri zuen martxan joan den astean. Bertan, gomendio batzuk proposatzen ditu, nazioarteko hainbat erakundetako beste gomendio batzuekin osatu direnak, epe labur, ertain eta luzean hartzen diren neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen.
Osteguneko mahai-inguruaren ostean, hurrengo saioa ekainaren 2an izango da, eta mugimendu feministako ordezkariek parte hartuko dute, «COVID-19aren testuingurua mugimendu feministaren ikuspegitik: ikaspenak eta proposamenak» izenburupean.
Hezkidetzari buruzko hitzaldia
Bestalde, Emakundek bultzatzen duen Nahiko hezkidetza programaren barruan, ostiral honetan Ana de Miguel filosofian doktoreak online hitzaldi bat emango du, «Maitasunari buruzko gogoetak. Haurren egungo ereduak «. Hitzaldia 10: 15ean hasiko da, bereziki irakasleei dago zuzendua, eta parte hartu nahi duenak izena eman beharko du emakunde.nahiko@euskadi.eus helbidean.