EAEn kolektibo kalteberenen alde lan egiten duten gizarte-erakundeen % 83,2k Covid-19aren osasun-krisialdian zerbitzu edo jardueretan eragindako aldaketa edo berbideratzea bizi izan dute, eta erakundeen % 81ek jardueraren bat bertan behera utzi edo eten behar izan dute. Gainera, gizarte-erakundeen ia erdiak (% 46) zuzeneko arretako zerbitzuak itxi behar izan ditu, baina erakundeen % 38k jarduera berriak sartu ditu, behar berriei erantzuteko. Hamar erakundetatik zortzik online formatura edo telefono bidezko konpainia-zerbitzura bihurtu dituzte beren zerbitzuak.
Horrek eragin handia izan du herrialdeko pertsona kalteberentzako edo bazterketa-arriskuan daudenentzako laguntzan, eta, ondorioz, hainbat jarduera itxi egin behar izan dira, besteak beste: prestakuntzako eta gizarte-integrazioko jarduera presentzial batzuk; desgaitasunen bat duten pertsonentzako ibilaldiak; haurrentzako kanpamenduak; haur kalteberentzako eskola-indargarria, edo taldeko tailerrak pisuetan, gaixotasun mentala duten pertsonekin.
Hala ondorioztatzen da Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokiak apirilean eginiko eta gaur goizean Elkarrizketa Sozialeko Mahaiaren bileran ezagutzera emandako lagin batetatik; bilera Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialaren Eguna dela-eta egin da, eta bertako burua Iñigo Urkullu lehendakaria izan da. Bilera horretan, Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua, bere taldearen ordezkaritza nahiko zabala eta hirugarren sektore sozialeko hogei bat ordezkari izan dira.
Osasun-krisiak gizarte-erakundeen antolamenduan bertan izan duen eraginaz gainera, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Behatokiak eginiko txostenean erakundeen zerbitzuen erabiltzaileetan duen eragina ere jaso da.
Eta txostenak ezagutzera eman du hamar erakundetatik 7k (% 68,5) baieztatzen duela gaur egun arreta ematen duten pertsonek konfinamenduak edo deskonfinamenduak eragindako edo larriagotutako arazo psikologikoak dituztela. Besteak beste, honako arazo hauek: gatazkakortasuna, erreferenteen galera, indarkeria-egoeren igoera, kontsumo-egoeren igoera, adoregabezia etab.
3 erakundetatik 2k (% 66,3) diote beren hartzaileek gaur egun eten digitalaren ondoriozko arazoak bizi dituztela, ordenagailurik edo Interneterako konexiorik ez dutelako, edo alfabetizazio digitalarekin zerikusia duten trebetasunik ez dutelako.
Erakundeen % 64,1ek esan du beren hartzaileek, gaur egun, baliabide ekonomikorik eza bizi dutela (enplegu-galera, ezegonkortasun-egoeran eta pobrezia-egoeran zeuden familien egoera larriagotu egin da, botikak ordaintzeko arazoak etab.), eta, datozen hilotan, antzeko ehuneko batek aurreikusten du bere hartzaileek egoera berean jarraitzea.
Egoera horretan, gizarte-erakundeek nabarmendu dute hartzaileek egoera berrietara egokitzeko duten gaitasun handia; hala erresilientzia handia erakusten dute, lehendakariak aipatu duenez, eta egoeraren aurrean erantzun positiboa ematen dute.
Boluntarioak
Halaber nabarmentzekoa da krisiak boluntarioetan eragiten duen ondorioa. Hamar erakunde-gizartetik 7k jarduera kudeatzeko zailtasunak aipatzen dituzte, lan-baldintzetan izan den funtsezko aldaketagatik. % 63k egoeraren ondoriozko arrisku psikosozialak aipatzen ditu (estres-egoerak, neke emozionala…), eta % 60k kontratazio-baldintzetako aldaketak aipatu ditu.
Gizarte-erakundeen erdiak, bestalde, osasun-materialaren falta nabarmendu du gaur egungo kezka adierazteko, eta % 63k, etorkizuneko finantzaketak eragindako ziurgabetasuna.
Errealitate horren aurrean, lehendakariak honako hau nabarmendu nahi izan du: “hirugarren sektoreko erakundeak bizi dugun egoeraren aurrean egokitzapen-gaitasuna erakusten ari dira. Gaitasun hori dute laguntzako sare sozialak oso finkatuta eta inplikatuta daudelako, eta beren burua berrasmatzen dutelako. Gaitasun hori dute, sare horiek pertsonak erdigunean jartzen dituztelako beti. Zuon jarreraren ondorio da, beti positiboa eta eraikitzailea delako”.
“Gaur gure eredua berresteko eta borondate bat adierazteko eguna da: elkarrekin lanean jarraitu nahi dugu. Badakigu krisialdi honetan beharrak infinituak izan daitezkeela, eta gizarte-politika orok izango ditu gabetasunak, baina guk ere uste dugu kudeaketak jasangarria izan behar duela”, esan du Iñigo Urkulluk.
Bestalde, Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau adierazi du: “pandemia, birus eta konfinamenduaren garai zail honetan, beste epidemia geldiezin bati eman nahi diogu bide: bazterketaren aurka eta pertsona kalteberenen alde su eta gar borrokan ari direnen gizarte-aitorpenarena eta elkartasunarena». “Elkartasuna eta lankidetza publiko-soziala desberdintasunen aurkako txerto gisa. Elkarlaneko eta sareko tratamendua, partekatutako diagnostiko zehatzaren eta azkarraren ondoren”, esan du sailburuak.
Azkenik, Pablo González Elkarrizketa Zibilerako Mahaiko eta Saren Sareako presidenteak honako hau esan du: “guztiok sentitzen gara kaltebera une hauetan, baina txosten honekin egiaztatzen da kalteberatasun-egoeran dauden pertsonak gaur egun bi aldiz kalteberagoak direla”.
“Hirugarren sektore sozialeko erakundeotan, gizarte-loturei eustea sustatzen duen eta horretarako bide ematen duen erantzun solidarioa antolatzeko beharra nabarmendu nahi dugu. Isolamenduaren eta indibidualismoaren aurrean, elkartasunak ondasun komunaren bilaketa gidatu behar du. Nahiz eta asaldura eta ziurgabetasuneko testuinguruan jarraitzen dugun, itxaropena dago. Hirugarren sektore sozialak esperientzia handia du ingurune desafiatzaileetan lan egiten”, esan du Gonzálezek amaitzeko.
Euskadiko hirugarren sektore sozialak gizarte-arloko ekimeneko eta esku-hartzeko ia 4.000 erakunde ditu; 160.000 pertsona boluntarioren eta ordainpeko 40.000 pertsonaren gizarte-partaidetza bideratzen du. 2018koak dira dauden azken datu ekonomikoak, eta, urte horretan, gizarte-erakundeek 1.736 milioi euroko bolumen ekonomikoa kudeatu zuten, alegia, euskal BPGd-aren % 2,3ren baliokidea.