Kaleak desinfektatzeko zerbitzua indartu du Barakaldok

0

Konfinamendua arintzeko 1. fasean sartu denez Barakaldo, Udalak, astelehenetik aurrera, hiriak behar dituen zerbitzuak birplanteatu eta egungo egoerara egokitu ditu. Horietako bat da kaleak garbitu eta desinfektatzea, izan ere, atzodanik, auzotarren presentzia handitu egin baita kaleetan.

Horrela, Barakaldok ohiko baldekatze mekanikoko eta mistoko lanak berreskuratu ditu oinezkoentzako guneetan, eta, horrela, hiriko eremu guztietara iritsi da, eta ez soilik konfinamendu-asteetan erabilera handienekotzat jo direnetara. «Azken asteetan herritarrak gehien erabiltzen ari ziren eremuak desinfektatu dira, hala nola supermerkatuetatik gertu daudenak, metro-ahoak, ospitaleen eta anbulatorioen inguruak… Aste honetan kaleko jarduera areagotu egin da eta, beraz, beharrezkoa iruditu zaigu baldeetako normaltasuna berreskuratzea, desinfekzioa areagotzea eta eremu gehiagotara iristea», azpimarratu du Jon Andoni Uria Auzoetako eta Hiriko Obra eta Zerbitzuetako Arloko zinegotziak.

Orain, oinezkoentzako guneetan bide publikoa produktu desinfektatzaileez garbitzen da, baldekatze mekaniko eta mistoko metodoen bidez. Gainera, hirian ohikoak diren garbiketa-lanei eutsiko zaie: ekorketa, eskuzko baldekatzea, oinezkoentzako guneak garbitzea eta galtzadak mekanikoki baldekatzea.

Neurri horiek azken asteotan garatzen ari direnei gehitu zaizkie, alegia, edukiontzien heldulekuak eta edukiontziak desinfektatzea, arrapala eta eskailera mekanikoetako eskudelak desinfektatzea, igogailu publikoen eta autobus-markesinen ukipen-azalerak garbitzea.