Master berria, abian: ‘Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean’

0

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) master berria jarri du martxan, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailarekin elkarlanean, euskararen biziberritze prozesuan sortu diren ezagutza eta metodologia berrietan trebatzeko aukera eskaintzeko. ‘Euskararen jabekuntza, kudeaketa eta hizkuntza-praktikak XXI. mendean’ masterra bi urtekoa izango da, irailean hasiko da eta izena emateko epea zabalik dago maiatzaren 22 arte.

UPV/EHUko Euskara Institutuaren lanari esker sortu da masterra, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak sustatuta. Masterrak bi helburu nagusi ditu. Alde batetik, euskararen esparruan lanean eta ikerketan sakondu nahiko lukeen ikasleak prestatzea; bestetik, euskarari lotutako esparruetan dabiltzan profesionalentzako formazio osagarria ere izatea. Masterrak formatu erdi-presentziala izango du: ostiral arratsalde eta larunbat goizetan izango dira eskolak, bi asterik behin, Eibarko UPV/EHUko Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolan. Ikasleek aukeratutako eremuan praktikak egiteko aukera ere izango dute.

Masterrari esker, ikasleek honako gaitasun hauek bereganatuko dituzte: hizkuntzak biziberritzeko giltzarri diren faktoreez jabetuko dira; hizkuntza-planifikazio eta ebaluaziorako dauden tresnak erabiltzen ikasiko dute; euskararen kudeaketa, kudeaketa aurreratuan txertatzen ikasiko dute; eremu ez-formalean euskararen sustapenerako eraginkorrak diren estrategia eta esperientziak ezagutuko dituzte; enpresetako euskara planak diseinatzen ikasiko dute; bigarren hizkuntzak ikasteko eta irakasteko metodologiak ezagutuko dituzte.

Hala, herri-administrazioetan, arlo sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen ikas-irakaskuntzan euskara sustatzeko egin den bideaz eta, batez ere, azken urte hauetako berrikuntzez jabetzeko aukera izango dute ikasleek. Bikain, INDEUS, EUSLAN, Bizkeus, Eusgara edo Lanabes egitasmoak, Erreferentzia Marko Estandarra (EME) edo Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Curriculuma (HEOC) ekimenak aztertu eta lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute.

Unibertsitateetako irakasleez gain, arlo bakoitzeko adituak izango dituzte irakasle. Ikasleek 3 ECTSeko praktikak egiteko aukera izango dute, herri-administrazioetan, eremu sozioekonomikoan, eremu ez-formalean eta helduen euskalduntzean.