Maiatzaren 7an, ireki zen Barakaldoko Udalak hiriko merkataritzarako, ostalaritzarako eta autonomoentzako ezarritako diru-laguntzak eskatzeko epea. Sektore horiek alarma egoera dela-eta beren negozioak itxita edukita egiten ari diren ahalegin ekonomikoa konpentsatzeko, hilean 150 euro emango zaizkie gehienez, jarduera gauzatu ezin izan duten hilabeteetan eta irekierako lehen hilabetean.
Martxoaren 14an, Gobernu Zentralak alarma egoera dekretatu zuen, merkataritza, ostalaritza eta autonomoei pertsiana ixteko eskatuz, Covid 19ren aurrerapena geldiarazteko. «Sektorea ahalegin handia egiten ari da gu guztiok babesteko, eta Udaletik laguntza bat eman nahi izan diegu, ondo baitakigu horrelako neurriak zabaltzen joan beharko dugula egoera garatzen doan heinean, baina martxan jarri nahi izan ditugu, hartzaileek lehen diru partidak ahalik eta azkarren jaso ahal izateko», adierazi du David Solla Ekonomia Sustatzeko Arloko zinegotziak.
700.000 euro bideratu ditu Barakaldok lehen laguntza sorta horretara. Horiekin, zuzeneko laguntzak sortu dira zergen gastuak konpentsatzeko, hala nola OHZ, zaborren eta estolderiaren tasak; merkataritzarako zein ostalaritzarako merkataritza-bonoko bi kanpaina; Barakaldoko jarduera ekonomikoa suspertzeko merkataritza-dinamizazioko kanpainak, eta sektore horiei laguntzeko zerbitzu bat, gizarte-larrialdietarako laguntzak eskatu behar dituztenei laguntzeko.