Salbuespenezko 50 neurri baino gehiago dituen 15 milioi euroko plana onartu du Bilbok gizarte-kohesioa, ekonomia eta enpleguaren susperraldia eta kultura sustatzeko

0

Bilboko Udalak Larrialdi sozial, ekonomiko eta kulturaleko plana onartu du. Planak #BILBAO AURRERA deritzon Gizarte, Ekonomia eta Kultura arloetako Larrialdi Plana onartu du, 15 milioi euroko inbertsioa eta 50 neurri baino gehiago tarteko dituena, COVID-19aren osasun-krisiak eragindako kalteak arindu eta Hiriko PERTSONAK eta ENPRESAK suspertu eta berraktibatzeko helburuz.

Asmo handiko plan hau azken bi asteotan landu du Udal Gobernu Taldeak. Udaleko talde politikoekin osatu eta adostuta, eta beste erakunde batzuekin koordinatuta. Gainera, hainbat batzar egin dira krisiaren eragina zuzenean pairatu duten sektore eta eremu profesionalekin: merkataritza, ostalaritza, kultura eta abar.

Behin betiko agiria gaur aurkeztu da modu ofizialean Arabiar Aretoan, talde politiko guztiek sinatu ostean: EAJ/PNV eta PSE-EE (PSOE), Gobernu Taldearen izenean, EH BILDU, ELKARREKIN BILBAO-PODEMOS/ EZKER ANITZA-IU/ EQUO BERDEAK eta PPrekin batera. COVID-19aren pandemia hasi zenetik, hauxe Udalak egin duen lehendabiziko ekitaldi instituzionala da, apirileko udalbatzarraz gain, eta modu erdi-presentzialean egin da, streaming bidez, segurtasun neurriak betetzearren.

PLANAREN GAKOAK

Plana sinatu ondoren, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak bertan bildutako gakorik garrantzitsuenak azaldu ditu. Izan ere, Planak 15 milioi euroko aurrekontua du, Udalak osorik ordaindutakoa, hiru eremu zehatz hauei bideratuta: Gizarte-Kohesioa (2,2 milioi baino gehiago), Ekonomia eta Enplegua (11,4 milioitik gora), eta Kultura (1,3 milioi baino gehiago).

Bilboko udalburuak azaldu duenez, salbuespeneko eta behin-behineko jarduketa-neurriak dira, 2020ko ekitaldian aplikatu beharrekoak, epealdirik latzena izango delakoan.

Gainera, neurri horiek guztiak beste administrazio batzuek sortutakoekin koordinatu eta osatuko dira.

Daturik garrantzitsuenen artean, berariaz nabarmendu behar da Plana kalte gehien jaso duten sektoreei egokitzeko asmoa: bertoko merkaritza txikia, ostalaritza eta jatetxeak, turismoa eta kultur eta sormen industriak.

Ekintza sorta hau zenbait zeharkako printzipioen arabera antolatu da: malgutasuna eta egokitzeko ahalmena; baliabideen inpaktu handiena bilatzea; inbertsio eta gastuaren arteko oreka, pertsonen beharrizanei erantzunez baina hiriaren inbertsio estrategikoen indarra galdu gabe; barne nahiz kanpo digitalizazioa areagotzea, eta beste erakunde eta hiri batzuekin batera lan egitea eta parte-hartzea indartzea (lankidetza publiko-publikoa eta publiko-pribatua), betiere 2020rako aurreikusita zegoen Garapenerako Lankidetzarako laguntzen ehunekoari eutsiz.

Modu berean, epe ertain eta luzeko beste ildo eta planteamendu estrategiko batzuetan lan egiten jarraitu gura dugu, egoerari buelta emateko asmoz.