#Ulertzendut sentsibilizazio eta aldarrikapen-kanpaina bLGTBI-fobiaren aurka

0

Bilboko Udalak kanpaina instituzional berri bat diseinatu du, Bilboko gizartea sentsibilizatzen jarraitzeko, pertsona guztiek dituzten eskubide sozialen inguruanMaiatzaren 17an, domeka, Homofobia, lesbofobia, transfobia, bifobia eta intersexfobiaren aurkako Nazioarteko Egunaren baitan aurkeztu da. Komunikazio-kanpaina honen hedapenaren bidez, Udalak sexu eta genero-aniztasuna aldarrikatu nahi du eta LGTBIfobiaren aurkako erabateko gaitzespena adierazi.

Aukeratutako leloa, #YoEntiendo #Ulertzendut, Bilboko herritarrak ordezkatzen dituzten profil desberdinetako pertsonen hiru erretraturekin batera doa. Leloaren zentzu bikoitzarekin, LGTBIfobia gaitzesteko konpromiso indibidual eta aktiboaren beharra azpimarratzen da.

Erretratuek pertsona bakoitza interpelatzen dute, sexu-orientazioa edo genero-identitatearen adierazpena edozein dela ere, modu esplizituan eta positiboan ager dezaten LGTBIfobiaren edozein adierazpenen aurka daudela. Eguneroko indarkeria babesten eta legitimatzen duen isiltasun konplizearen aurrean, erretratu bakoitzak sinbolizatzen ditu, espazio bakoitzean, LGTBI kolektiboaren askatasunarekiko eta eskubideekiko konpromisoa adierazten duten herritarrak. «Gure etxeetan, sareetan eta kaleetan, zero tolerantzia lesbo-homofobiaren eta transfobiaren aurrean. Bakoitzak paper bat du agertoki honetan. Izan ere, beldurrik gabe adierazi behar dugu, kanpaina honek gonbidatzen gaituen bezala: «Nik maitatzeko modu guztiak ulertzen ditut», adierazi dute Bilboko Udaletik.

Azken urteotan aurrerapausoak eman diren arren, oraindik ere bilbotar askoren egunerokotasunaren parte dira sexu-orientazioagatik eta genero-identitateagatik eragindako gaitzespen-, mespretxu- eta indarkeria-adierazpenak. Horregatik, Udalak uste du beharrezkoa dela sexu-aniztasunaren eta genero-identitatearen adierazpen askea bermatuko duen hiria aldarrikatzen jarraitzea, eta, aldi berean, LGTBIfobiaren aurkako erabateko gaitzespena erakustea.

Kanpaina hau Udalarentzat estrategikoak diren bi proiekturen barruan sartzen da: Bilbao Balioen Hiria eta Nazio Batuen 2030 Agendaren Garapen Jasangarriko Helburuak. Horien bidez, balioak garapen-eragile dituen hiri bat eraikitzen lan egiten da. Izan ere, giza eskubideen errespetua, elkartasuna, berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa dira Bilboko bizikidetzaren oinarria.

Halaber, kanpaina hori formatu digitalean zabalduko da www.bilbao.eus webgunean eta Udalaren sare sozialetako kontuetan: Bilbao Berdintasuna –facebook eta twitter– eta Bilboko Udala –facebook, instagram eta twitter–.