UPV/EHUk Ikertzaileen Europako Gauean parte hartuko du

0

Orain egun gutxi batzuk, Ikertzaileen Gauera proiektu bat aurkeztu zuen Unibertsitateen G-9 taldeko partzuergoak oso albiste pozgarria jaso zuen: Europako Batzordeak aukeratu du ekimena, eta finantzatuko du. Hortaz, UPV/EHUk lehen aldiz parte hartuko du aldi berean Europako dozenaka hiritan ospatzen den ekimen horretan. Aurten ohi baino beranduago izango da jaia, azaroaren 27an.

2019. urtearen hasieran Unibertsitateen G-9 taldeko Kultura Zientifikoaren lantaldeak Ikertzaileen Europako Gauera proiektu bat aurkeztea proposatu zuen, eta ekimenean taldeko erakunde askok parte hartzea bultzatu nahi izan zuen. UPV/EHUk partzuergo horretan sartzea erabaki zuen. “UPV/EHUrentzat erronka zen partzuergoan sartzea. Gure unibertsitateak ez du aurretik inoiz antolatu Ikertzaileen Gaua, nahiz eta kide batzuek, beren kabuz, parte hartu beste erakunde batzuek antolatutako ekitaldietan parte hartu. Gainera, Gaua eta gure Zientzia Astea, Euskal Herriko dibulgazio zientifikoko ekitaldirik handiena, egutegian hurbil daude (Gaua irailaren 25erako zegoen aurreikusita, baina atzeratu behar izan da). Dena den, gure ikertzaile eta dibulgatzaileei galdetu ondoren, eta beren gogo ona ikusita, parte hartzea eta gure proposamena eraikitzea erabaki genuen”, adierazi du Miren Bego Urrutiak, UPV/EHUko Ikerketa Gizartean Zabaltzeko zuzendariak.

G-9ko partzuergoak aurkeztutako proiektuan parte hartzen dute, UPV/EHUz gain, unibertsitate hauek: Oviedokoak -koordinatzailea dena-, Kantabriakoak, Gaztela-Mantxakoak, Extremadurakoak, Balear Uharteetakoak, Nafarroako Publikoak eta Zaragozakoak, Errioxako Unibertsitatearen lankidetzarekin. Europar Batasuneko programen finantzaketa lortzen duen unibertsitateen G-9aren lehen lankidetza proiektuetako bat da. Guztira 134.000 euro jasoko ditu.

“ERN2020 europar proiektua lortzeak ilusio handia egin digu, eta sorpresa ere, erabakia oso une zail batean heldu baita. Dena den, oso albiste ona da, batez ere kontuan hartzen badugu kalifikazio bikaina lortu duela: 15 puntutik 12,5; eta 5etik 4,5 bikaintasunean, 5etik 4 eraginean, eta 5etik 4 proposamena ezartzeko kalitatean eta eraginkortasunean”, erantsi du Urrutiak.

Proiektuan aurkeztutako ekitaldiak “zientzia zabaltzeko eskema klasikoan, pandemiaren egoeraren aurrekoan eginda daude, hau da, jendeari, aurrez aurre eta ahalik eta publikorik gehienari, gure ikertzaileak eta beren jarduna hurbiltzeko pentsatuta zeuden. Aste honetan partzuergoa hasiko da, eszena berrira egokitzeko prozesuan aurrera joateko, esperientziak partekatzen eta kontrastatzen”, azaldu du Ikerketa Gizartean Zabaltzeko zuzendariak. Izan ere, Europako Batzordeak uste du Gaua ospatu behar dela, orain inoiz baino garrantzitsuagoa baita publikoari erakustea ikerketa zientifikoak duen eragin baikorra. “Zientzia eta ikertzaileak hurbiltzeak lagun dezake hiritarrak berriro konektatzen eta itxaropena igortzen”, gaineratu du Urrutiak.