Euskadik Europako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Ministroen Kontseiluari erronka demografikoei buruzko proposamen autonomikoak aurkeztu dizkio

0

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak Europar Batasuneko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Ministroen Kontseiluaren (EPSCO) prestakuntzako lantaldeari “Erronka demografiko”ei buruzko autonomia-erkidegoen jarrera bateratua aurkeztu dio. Ekarpen autonomikoak Kontseiluak ekainean adosten dituen ondorioetan onartu ahalko dira. Euskadik Bruselan, gai horretan, seihileko honetan, estatuko autonomiak ordezkatzen ditu.

“Autonomia-erkidegoen iritziz, aldaketa demografikoa Europar Batasunak epe laburrean, ertainean eta luzean aurrez aurre duen erronka handienetako bat da, klima-aldaketaren aurkako borrokaz, eraldaketa teknologikoaz eta COVID 19aren pandemiaren ondorio sozioekonomikoak berreskuratzeaz gainera”, esan du Marcos Muro Enpleguko eta Gazteriako sailburuordeak.

“Hori dela eta, EBk erronka demografikoa bere lehentasun politikoen artean nabarmentzea bultzatzen dugu, eta Europako politika guztien garapenean horizontalki sartzea. Erronka hori Nazio Batuen Garapen Jasangarriko Helburuen artean sartzen da”, esan du sailburuordeak.

Autonomia-erkidegoek Bruselari eginiko proposamenaren arabera, “zenbait faktore batzeak –besteak beste bizi-itxaropena areagotzea, jaiotza-tasek behera egitea edo pertsonek migratzeko duten eskubidearen barruan migrazio-fluxuak arautzea– gure bizi-estiloa eraldatzen du, eta ageriko egoera batera garamatza: gizarte adinduan bizi gara, eta zahartzen jarraituko du. Aldaketa demografiko horrek hainbat alderditan du eragina: jasangarritasuna, hazkunde ekonomikoa, lan-merkatua, pentsioak, fiskalitatea, inbertsioak, zaintzak etab. Gainera, zahartzeak zenbait eremutan du eragina: osasunaren eta arreta medikoaren eremua, gizarte-zerbitzuak, familien eraketa eta antolaketa, belaunaldien arteko elkartasuna eta etxebizitza”.

Ordezkaritza autonomikoek prestatutako testuak honako hau dio: “Gure ustez funtsezkoa da zahartze aktiboa eta osasungarria sustatzea -abiapuntuko egoerak eta emakume eta gizon nagusien behar bereiziak aintzat hartuta-, eta, hala, zenbait jardueraren bidez –besteak beste boluntariotzako, aisiako, etengabeko ikaskuntzako edo kultura-adierazpeneko jarduerak– gizarte- eta familia-bizitzan aktiboki parte hartu ahal izateko aukera izatea eta elikadurarekin, jarduera fisikoarekin eta prestakuntza mentalarekin eta emozionalarekin zerikusia duten bizi-ohiturak bultzatzea”.

Autonomia-erkidegoek eskerrak eman dituzte Kontseiluak Europako Batzordeari eginiko gonbidapenagatik; herritarren zahartzeari eta haren inplikazio guztiei buruzko hausnarketa integrala abiarazteko (Liburu Berdea) gonbidapenagatik –epe luzean ekonomian eta Batasunaren gizartean izango dituen ondorioak barne–. Gonbidapena egin dio, halaber, baserrialdeetarako eta despopulazioaren eragin handiena jasaten duten beste eskualde batzuetarako estrategia egokia eta bereizia prestatzeko. Marcos Murok dioenez, “ildo beretik, autonomia-erkidegook beharrezkotzat jotzen dugu inpaktu demografikoari buruzko txostenaren beharra ezartzea, funtsezko dokumentu gisa finantza-tresna komunitarioen bidez abiatutako neurri guztietan. Horrek koherentzia bermatuko du politiken manipulazioan, eta erronkari aurre egiteko ezinbesteko jarduketa publiko-pribatuaren eraginkortasuna”.

“Besteak beste, bereziki emakume eta gizonen arteko berdintasun-ikuspegia Kontseiluaren Ondorioetan jasotzeko deia egiten dugu. Gainera, gure ustez, erronka demografikoei erantzuteko arrakastaren gakoa estatuko, estatuz azpiko eta tokiko gobernu-mailen arteko maila anitzeko lankidetza eta koordinazio eraginkorrean oinarritzen da. Horren harira, erkidegook eta eskualdeok Europar Batasuneko erakundeei dei egiten diegu udalerri, eskualde eta estatuz azpiko gobernuak eraginkortasunez aintzat hartzeko politika demografikoak eta landa-garapenekoak zehazteko eta planifikatzeko orduan; horretarako, laguntzak emateko dei egiten diegu, 2030era begira, Europak bere garapenaren eta kohesioaren arlo honetan jarduketa bateratua eta behar bezala zehaztua izateko, azterketak, eztabaidak, plangintza eta aurrekontu nahikoak integratu ahal izateko”, laburbildu du Marcos Murok.