Abian da Udaltop online, eremu soziekonomikoari leiho bat zabalduta

0

Udaltop etxetik: ireki leiho bat lan munduari izenburupean, eremu sozioekonomikoari leiho bat zabaldu dio aurten Udaltopek. Egitarau erakargarria osatu da: bi hitzaldi, mahai-inguru bat eta testigantza laburrak. Izena eman duten 450 lagunek gozatu ahal izan dute hamabigarren edizio honetaz, bakoitza bere etxetik. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ere parte hartu du topaketetan.

Sailburuak esan duenez, egungo egoera larria gorabehera, ahalegin bat egin behar da euskara eremu sozioekonomikoan indartzeko apustuari eusteko: “Bizi dugun errealitateak ez digu aukerarik ematen epe laburrera ikusteko, eta ez dago argi nolakoa izango den egoera hilabete batzuen buruan; hala ere, apustuari eutsi behar diogu eta gaitasuna izan behar dugu finkatutako helburuak eta helmugak mantentzeko. Horietako bat da euskara eremu sozioekonomikoan indartzeko apustua. Hori bai, horretarako zaindu beharreko oinarri garrantzitsu bat dago: euskararen transmisioa hezkuntza sistemaren bidez”.

Hitzaldiak

Jon Sarasuak zabaldu du jardunaldia, “Lan eremuko uhinaldiaz” hitzaldiarekin. Atxabaltarrak lan eremuan euskarari espazioak zabaltzeko eskala handiko uhinaldi bat hasteko oinarriak landu ditu. Hogei puntutan aletu du uhinaldiaren inguruko gogoeta. Abagunearen kokapen laburra egin ondoren, uhinaldia aldezteko lau arrazoibide agertu ditu: euskararen ibilbidearen logikari, egungo euskaldunen karakterizazioari, lan ildo honen antolagarritasunari eta belaunaldi-bisioari lotutako arrazoibideak. Arrazoibide horietan oinarrituta, prozesu zabal bati ekiteko baldintzak planteatu ditu. Amaitzeko, etorkizun ikuspegi horri buruzko kontsiderazioak egin ditu.

Jarraian, Leire Canciok, Agirre Lehendakaria Centerreko tranferentzia eta ezagutza kudeatzeko arduradunak, hartu du hitza; “Lan eremuko uhinaldiari berrikuntza sozialetik so” ponentziarekin. Sarasuaren hitzaldiaren gainen Agirre Lehendakaria Centerrek egindako ekarpenak eman ditu argitara, berrikuntza sozialaren marko teoriko eta praktikoaren ikuspegitik.

Mahai ingurua

Horren ostean, mahai-ingurua eta testigantza laburrez gozatzeko aukera izanda da. Pilar Kaltzadak gidatu du mahai-ingurua eta mahaiaren bueltan izan dira Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politiketako sailburua, Leire Okarantza, Fagor Kooperatibako Gestio Sozialeko ordezkaria, eta Kike Amonarriz, Topaguneko presidentea.  Besteak beste, hiru gai hauek jorratu dituzte: Jon Sarasuaren gogoeta; testuinguru ekonomiko berrian euskarak presentzia gehiago izateko gakoak; eta amaitzeko, jardunaldia etxeko leihotik jarraitzen ari diren ikus-entzuleek egindako galderak erantzun dituzte.

Testigantza laburrak

Jardunaldia amaitzeko, krisi egoeran euskara tresna gisa erabilita jarduera arrakastatsuak gauzatzen ari diren enpresen esperientzia laburrak ezagutzeko aukera izango da, testigantza moduan: Alea proiektuko Aritz Martinez de Lunaren, Maier S. Kooperatibako Kemen Goitiandiaren eta Agour gaztandegiko Peio Etxelekuren ahotik.

Gogorarazi, datorren astean zintzilikatuko direla webgunean Udaltop jardunaldietako ponentzien bideoak.