Osasun-krisiaren ondorioz, arreta presentzial guztia bide telematikora egokitzeko derrigortasunak nabarmen bultzatu du Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren modernizazio-prozesua eta, hala, bost urte barrurako aurreikusten ziren helburuak betetzea.
Hala azaldu du Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak gaur goizean Onda Vascan emandako elkarrizketa batean.
Beatriz Artolazabalek nabarmendu du Lanbidek jakin duela maila ematen erabiltzaileentzako arretaren berregokitzapenean. “Horrek ez du esan nahi ez garenik arreta presentzialera itzuliko, inondik inora ere. Gure 43 bulegoetan segurtasun-neurriak egokitzen amaitzen gabiltza, arreta horrek osasun-jarraibide guztiak betetzeko. Eta jarraitzen dugu ekainaren 1a ateak berriro irekitzeko aukera gisa izaten; nolanahi ere, aurretiko hitzordua beharko da», esan du.
Arreta presentzialera itzultzean, ildo telematikoetarako bultzada aprobetxatuko dugu, kudeaketak arindu eta ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko ahalegina egiteko. “Telematikoki egin daitezkeen izapideek lekua eta denbora utziko dute pertsonei arreta hobea emateko”, esan du Artolazabal sailburuak.
Etortzear dagoen enpleguko eta ekonomia arloetako egoerari begira, Artolazabalek bere kezka azaldu du Covid-19ak eragindako ondorioei buruz. “Maiatzeko datuen eboluzioa ikusi behar dugu. Badakigu egoera oraindik oso konplexua dela eta ziurgabetasunak asko direla. 2020 urtea ez dela urte on bat izango badakigu, eta horregatik gure onena emango dugu egoera honi buelta emateko”, aipatu du.
Espainiako Gobernuak sustatu nahi duen gutxieneko errenta dela eta, sailburuak esan du Eusko Jaurlaritzak zain jarraitzen duela, jakiteko zer baldintzatan onetsiko den eta nolako eragina izango duen egungo Euskadiko diru-sarrerak bermatzeko errentarekin.
“Gure diru-sarrerak bermatzeko errentarekin egoera larrienean dauden pertsonak babesten ditugu. Guk, Espainiako gobernuari zera eskatzen diogu, errenta berria gure sistemarekin konplementarioa izan dadin, gure DSBEarekin bateragarria eta gure konpetentziekin bat etortzea. Ekimen on bat dela deritzot, baina presarekin ari diren beldur ere banaiz. Guk urte askotako ibilbidea daukagu eta gestiorako esperientzia hori berme bat da. Horregatik dakigu zenbat kostatzen duen horrelako sistema efiziente bat abian jartzea”, gehitu du Artolazabalek.