Eusko Jaurlaritzak egoitza finkatuta dagoen Lurralde Historiko osora zabalduko du herritarren mugikortasuna

0
  • Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du oso garrantzitsua dela konpromiso indibiduala, soziala eta kolektiboa izatea gutxienez 2 metroko distantzia sozialarekin eta higiene-ohitura berri eta zorrotzekin

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak Lehendakariaren dekretu bat argitaratuko du bihar, maiatzak 16, datorren astelehenetik, maiatzaren 18tik aurrera, egoitza finkatuta dagoen Lurralde Historiko bakoitzaren barruan mugikortasun osoa ahalbidetzeko.

Duela astebete, Eusko Jaurlaritzak «1. fasera» pasatzea erabaki zuen, bi irizpidetan oinarritutako murrizketekin: osasun publikoa bermatzeko zuhurtzia eta arreta. Horrela, mugikortasuna mugatzea erabaki zen, udalerrira eta mugakide diren herrietara.

Epidemiaren bilakaerak erakusten du, irmotasunez, aurreko asteekin alderatuta, kasu positiboen jaitsierak izan duen joera. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak uste du garaia iritsi dela bizilekua finkatuta dagoen lurralde historikoaren barruan herritarren mugikortasun arduratsua eta mailakatua berreskuratzeko. Lurralde Historiko desberdinetako udalerri mugakideen kasuan, mugikortasuna baimenduta egongo da, betiere arrazoi sozioekonomikoak tarteko direla.

KONPROMISO SOZIALA, NORBANAKOARENA ETA KOLEKTIBOA

Une honetan, Eusko Jaurlaritza buru-belarri ari da prestatzen 1. fasetik 2. fasera igarotzea. Hiru irizpiderekin lan egiten du:

  • Osasun-agintarien jarraibideak zorrotz betetzea,
  • Normaltasun-eremuen berreskurapenean apurka-apurka aurrera egitea, eta
  • Prebentzio-neurriekiko gizarte-konpromisoa aktibo mantentzea, erlaxazioa eta zaintza murrizten lagunduko duen gizarte-giroa saihestuz.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi du oso garrantzitsua dela konpromiso indibiduala, soziala eta kolektiboa izatea gutxienez 2 metroko gizarte-distantziarekin eta higiene-ohitura berri eta zorrotzekin.