Bi atxilotu Bilbon aparkatuta zeuden hainbat autotan lapurreta egiten saiatzeagatik

0

Ertzainek bi pertsona atxilotu dituzte goizaldean Bilboko Abando auzoan, Bizkaiko hiriburuko hainbat kaletan aparkatuta zeuden hainbat autotan lapurreta egitea leporatuta. Agenteek bi auto aurkitu dituzte behartuta, eta partikularren salaketak jaso zain daude.

Gaur, astelehena, goizaldeko lauak aldera, pertsona batek Ertzaintzari jakitera eman dio bi pertsona, gizonezko bat eta emakumezko bat, auto batean sartu direla sarraila behartu ondoren Bilboko Pio Baroja kalean. Bertara hurbildu diren patruilek gizonezko bat eta emakumezko bat aurkitu dituzte Peugeot markako auto baten barruan ezkutatuta. Emakumea kopilotuaren eserlekuan zegoen eserita, bolantearen azpian makurtuta, eta CD batzuk zituen eskuetan. Gizonezkoa, berriz, atzeko eserlekuetan zegoen eserita poltsa batekin, eta gero jakitera eman du ez zela berea eta beste auto batetik hartu duela, eta agenteek, beraz, kendu egin diote. Ertzainek kristal bat hautsita zuen autotik ateratzeko agindu diote bikoteari, identifikatu ahal izateko.  Autotik irten direnean, agenteek ikusi dute emakumea eserita zegoen eserlekuan mailu bat, kurrikak eta hodi formako giltza teleskopiko bat zeudela, eta ertzainek hartu egin dituzte delituaren froga gisa.

Bestalde, Ertzaintzaren beste patruila batek Buenos Aires eta Uribitarte kaleen elkargunean Renault markako auto bat aurkitu dute atzeko ate bateko leihoa hautsita. Gizonezko susmagarria miatu dutenean, agenteek buru-beroki bat eta artilezko txapel bat aurkitu dizkiote, eta bigarren autotik lapurtu dituela aitortu du.

Horren guztiaren ondorioz, Bilboko Ertzain-etxeko agenteek atxilotu egin dituzte bi susmagarriak, 34 urteko emakumezkoa eta 30 urteko gizonezkoa, indarra erabiliz lapurreta egitea leporatuta.  Atxilotuak polizia-egoitzara eraman dituzte, eta epailearen aurrera noiz eramango zain daude.

Ertzaintzak behartuta aurkitu dituzten bi ibilgailuei buruzko ikerketa jarri du abian, eta behartutako autoen jabeek salaketak jarri zain daude.