Cristina Uriartek Jaurlaritzaren lehentasuna osasuna dela nabarmendu du

0

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak gaur goizean Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan azpimarratu duenez, Hezkuntza Sailarentzat osasuna eta segurtasuna dira lehentasun, ikasturte amaieran ikasgeletara itzultzeko, ikasleak eta irakasleak berme guztiekin itzul daitezen ikastetxeetara.

Horrela bada, Hezkuntza Saila dagoeneko hezkuntza komunitateari helarazi zaizkion hainbat dokumentu lantzen aritu dela gogorarazi du. Alde batetik, «Ikastetxeetan koronabirusaren aurrean jarduteko protokolo orokorra», ikastetxeei joan den astean bidalia; eta bestetik, “Laneko arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19rekiko esposizio arriskuaren aurrean” dokumentua, Laneko Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak egina, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin batera.

Dokumentu horiek jasotzen dituzten neurrien artean, sailburuak honako hauek aipatu ditu, besteak beste: urruntzea, ikastetxeetan maskarak erabiltzea, hidrogelak erabiltzea, infragorri bidezko termometroak ikastetxeetara bidaltzea, garbiketa-neurriak areagotzea, eta sarrera-irteera mailakatuak, betiere Osasun Sailaren jarraibideak betez. «Arduraz jokatu behar dugu eta familiei eta ikasleei ikasturtea ondo amaitzeko aukera eman behar diegu, berme guztiekin, Osasun Sailak ematen dizkigun jarraibideak betez», azaldu du.

Ikastetxeen autonomia eta erantzukidetasuna

Ikastetxeak dira, beren autonomiaren barruan, ikasleak ondoen ezagutzen dituztenak: ikasle bakoitzaren egoera, nola heldu dioten ikaskuntzari eta edukiei konfinamendu-asteetan, ikasle batzuekin zailtasunik egon ote den online jarraipena egiteko, edo errefortzuak edo tutoretzak behar ote diren, eta nola.

Horrela, Uriartek azaldu du ikastetxe bakoitzak, bere kasuistikaren barruan eta bere errealitatearen arabera, erabaki dezakeela ondoen zer behar duen bere ikasleek, eta horregatik irekitzen direla gelak ikasle horiek behar bezala artatzeko. Horregatik, ikastetxeak erabakitzen du datorren astelehenetik aurrera presentzialtasuna nola antolatuko den: talde guztiak joango diren, mailaka joango diren, edo modalitate desberdinak konbinatuz eta txandakatuz, hezkuntza-irizpideak oinarrian direla, betiere.  Hala ere, sailburuak azpimarratu duenez, planteatuko duten plangintza ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenari kontsultatu behar zaio –bertan familiek ere parte hartzen baitute-, eta Ikuskaritza Zerbitzuaren laguntza eta koordinazioarekin. Erantzukizun partekatuarekin eta Hezkuntza Saileko zerbitzuen laguntza osoarekin jardunez.

Beheragoko hezkuntza-etapei dagokienez (Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza eta DBH 3. mailara arte), Uriarte sailburuak adierazi du, etapa horietako ikasleak ikasturtea amaitu baino lehen ikasgeletara itzuli ahal izatea desiragarria litzatekeela, baina ez dela posible ikusten itzulera hori denbora-kontuengatik, itzulera mailakatua planteatzen ari baita, eta itzulera horretan Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta DBHko 4. mailako ikasleen itzulera lehenetsi baita.

Sindikatuen jarrerari dagokionez, Uriartek gogorarazi du Hezkuntza Saila hainbat eragilerekin egiten ari den bileretan, horietako batzuk sindikatuetako ordezkariekin, gorago aipatutako dokumentuak landu direla, ikastetxeetan hartu beharreko neurriak jasotzen dituztenak. Halaber, gogorarazi du joan den ostiralean Osalanekin batera landutako dokumentua bidali zitzaiela sindikatuei: «Laneko arriskuen prebentziorako neurriak EAEko ikastetxeetan, COVID-19rekiko esposizio arriskuaren aurrean». Zentzu horretan, Hezkuntza Saila sindikatuen eskaerei erantzuten ari dela azaldu du, eta itzulerarako segurtasun eta osasun bermeak betetzen direla berretsi du.