“Inspira STEAM at home”, emakume teknologoei agerikotasuna emateko zuzeneko elkarrizketa zikloa

0

Datorren asteazkenean, maiatzaren 20an, “Inspira STEAM at home” onlineko elkarrizketa zikloari emango zaio hasiera, Nerea Luis Mingueza lehenengo gonbidatua dela. Adimen artifizialeko aditua eta T3chfest ekitaldi teknologikoaren sortzailea da. Osasun Ministerioaren chatbot ofiziala sortzen ere parte hartu du, koronabirusaren inguruko zalantzei erantzuteko.

Inspira STEAM at home 15 egunik behin izango da, 16:00etan (CEST), emakume zientzialari eta teknologoei agerikotasuna emateko asmoz. You Tuberen bidez egingo diren zuzeneko elkarrizketak izango dira, bizi dugun aldaketa garaiko emakume protagonistekin eta lanbidez zientzian eta teknologian dihardutenekin. Online topaketa horietan, haien inspirazio iturri izan eta miresten duten emakume bati buruz hitz egingo dute. Ekitaldi irekiak izango dira baina aurretiaz izena eman behar da.

Lehenengo gonbidatua Nerea Luis da, Konputazio Zientzietako doktorea, T3chFest-en sortzailekidea eta Adimen Artifizialeko ingeniaria Sngular enpresan. Zabalkunde lana, adimen artifiziala eta robotika maite ditu. Googlen 2016ko Women Techmaker Scholar izan zen. 2018an, COTEC Fundazioak teknologiako, talentuko eta generoko aditu aukeratu zuen, “Los 100 de Cotec” sarearen barruan. 2018an, Cibervoluntarios Fundazioaren IKT Berritzaileak aitorpena irabazi zuen, eta Business Insider-ek 35 urtetik beherako 23 talentuen artean dagoela dio, iraultza teknologikoa lideratzeko gertu. Duela gutxi, Errege Etxeak Merezimendu Zibileko Ordenaren domina eman dio eta Espainiako punta-puntako 100 emakume liderren artean sartu dute, errebelazio kategorian.

Inspira STEAM eta Inspira STEAM at home

Inspira STEAM Deustuko Unibertsitatearen proiektu bat da, neska-mutilek askatasunez nagusitan zer izan nahi duten erabakitzeko modua izan dezaten sortutako ekimena, zientzia eta teknologiatik “kanporatuko” dituzten estereotipo, isuri edo emakumezko erreferente faltarik izan gabe. Horretarako, aholkulariek, borondatez, 6 lan-saio egiten dituzte ikastetxeetan neska-mutilekin eta lanbideko eguneroko bizitza erakusten diete. Denak dira emakume zientzialariak eta teknologoak eta hainbat arlotan dihardute lanean: arlo akademikoan, enpresan, ikerkuntzan, etab.

Inspira STEAM Euskal Autonomia Erkidegoan sortu zen 2016an 17 aholkularirekin. Gaur egun, 6 autonomia erkidegotara zabalduta dago, baita nazioartean Txilera ere. 580 emakume boluntariok hartzen dute parte.