Osasun Sailak zaintza- eta kontrol-plana jarri du abian deskonfinamendu-faserako

0

Osakidetzak PCR proba egingo die COVID-19arekin bateragarriak diren sintomak dituzten pertsona guztiei. Hala aurreikusten du Osasun Sailak pandemiaren deskonfinamenduaren faserako abian jarri duen zaintza- eta kontrol-planak; Nekane Murga sailburuak aurkeztu du gaur goizean, Ignacio Garitano epidemiologoarekin eta plana garatzen duen profesionalen taldeko koordinatzailearekin batera.

Plan horren helburuak honako hauek dira: COVID-19aren kasuak goiz detektatzeko sistema bat ezartzea; kasuen eta haien hurbileneko kontaktuen jarraipena egitea, ikuspuntu klinikotik eta epidemiologikotik, eta pandemiaren bilakaera monitorizatzea. Hala egin nahi da, komunitatean eta gizarte- eta osasun-zentroetan eta erakunde itxietan transmisioa eta kasuen multzokatzeak murrizteko.

Sailburuak azaldu duenez, planak Lehen Mailako Arreta du ardatz, bereziki Erizaintzako taldea; izan ere, hura sendotu egingo da eta, horretarako, Lehen Mailako Arretan eta Osasun Publikoan gaitasunak dituzten familia eta komunitateko 34 erizain espezialista kontratatuko ditu. Aurreikuspenen arabera, erizaintzako 150 profesional inguruk izango dute zeregin horretarako behar den prestakuntza. Gainera, ospitaleetako prebentzio-medikuntzako zerbitzuen eta osasun-zentroetako lan-osasuneko unitateen lankidetza izango du, bai eta Osalanena ere, lan-eremuan gertatzen diren kasuetarako.

Plan honetan jarduteko aurreikusten den protokoloak honako hauek ekarriko ditu:

-Covid-19arekin bateragarriak diren sintomak dituen edozein pertsonari eskatuko zaio berehala PCRa, eta etxeko isolamendua aginduko zaio, harik eta emaitza ezagutu arte. Baten batek sintomak baditu, dagokion osasun-zentrora deitu beharko du hitzordua hartzeko, eta etxean egon beharko du, harik eta PCR proba egin arte.

-Emaitza positiboa bada, kasua eta hurbileneko kontaktuak aztertuko dituzte Lehen Mailako erizaintzako langileek.

Kasuak eta kontaktuak aztertzeko, GO.DATA aplikazioa erabiliko da; aplikazioa Osasunaren Mundu Erakundeak sustatzen du, eta Osasun Saila eta Osakidetza dagoeneko ari dira sartzen.