Sonia Pérez Ezquerra sailburua: “Ministroarekin eta euskal turismo-sektorearekin egin dugun bilera hau beste urrats bat da bi gobernuek egiten ari diren lan komunean”

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerrak, Turismo eta Merkataritzako sailburuorde Isabel Muelak eta Gobernuaren ordezkari Denis Itxasok bilera egin dute bideokonferentziaz Industria, Turismo eta Merkataritzako ministro Reyes Marotorekin eta euskal turismo-sektorearekin (ostalaritza- eta hotel-elkarteek, ekitaldiak antolatzeko enpresek eta turismo-gidariek ordezkatu dute sektorea).

Sailburuak, hasteko, eskerrak eman dizkio Reyes Maroto ministroari bere hurbiltasun eta kezkagatik eta euskal turismo-sektoreari egungo egoera eta hurrengo neurriak zuzenean azaltzeagatik. “Baterako lan handia egin dugu Ministerioarekin, eta etengabe egon gara harremanetan. Harreman horiek funtsezkoak dira bizi duguna bezalako krisi batean, eta baliagarriak izan zaizkigu gure sektoreari informazioa eta laguntza emateko.

Halaber, turismo-arloko agenteen garrantzia azpimarratu du, ahalegin eta pazientzia handia erakutsi baitute egoera honetan, turismoa sektorerik kaltetuenetako bat dela kontuan hartuta. Hori dela eta, gogorarazi die COVID19aren ondorioak arintzeko 15 milioi euroko laguntza espezifikoak aurkeztuko direla bihar Gobernu Kontseiluan. Zenbateko hori Lanbideren bitartez bideratutakoari gehituko zaio. “Krisitik beranduen aterako den sektorearen premiei erantzun behar zaie. Horregatik, Eusko Jaurlaritzaren 30 milioiko funtsaren zati handi bat turismo-arloko enpresetara eta autonomoengana bideratu da”, azaldu du sailburuak.

Turismo-sektorea pozik agertu da Gobernuak, elkarrizketa sozialaren esparruan, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak zabaltzeko aukera aztertzen jarraitzen duelako, oso “beharrezkoa baita”, bidaia-agentzien gremioak adierazi duenez. Era berean, turismo-gidarien ustez positiboa eta funtsezkoa da epeak luzatzeko aukeran lan egiten aritzea.

Era berean, Gobernuak Espainiako Turismo Kalitateko Institutuaren bidez landu dituen segurtasun-protokoloei dagokienez, hotel-elkarteen ustez beharrezkoa da «higiene- eta osasun-esparru horiek sendotzea», eta, aipatu denez, Europan oso harrera ona izan dute beste herrialde batzuetara esporta daitezkeen jardunbide egokien gida gisa.

Horrez gain, turismoaren sektoreko ordezkariek interesa agertu dute Schengen eremuaren barruko mugen arteko mugikortasunaren egutegiaren inguruan (gaur egun Europako Batzordea ari da prestatzen egutegi hori), eta lasaitasuna agertu dute deskonfinamenduaren faseetara egokitu ahal izango direla eta faseak elkarrekin landuko direla egiaztatzean. Esparru horretan, sektoreak adierazitako eta bileran landutako beste kezka bat berrogeialdia izan da. Berrogeialdia, nolanahi ere, neurri iragankorra da, eta desagertu egingo da Europako mugak irekitzen eta mugikortasunak gora egiten duen heinean.

Horri dagokionez, sektoreko ordezkariek baikortasuna adierazi dute Europako Batzordeak turismoa lehentasunezkotzat jo duelako. Izan ere, horrek nazioarteko turismora espero baino neurri handiagoan irekitzeko aukera ekar lezake. Hala ere, hasieran barneko turismora zuzendutako kanpainak landuko dira, eta osasun-agintaritzen argibideei jarraikiz zabalduko dira. Gobernuak dagoeneko ia amaituta ditu kanpaina horiek.