15 milioi euro turismoari eta merkataritzari laguntzeko

0
PRUEBA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Sonia Pérez Ezquerra Gobernu Kontseiluaren ondoren agertu da gaur, Kontseiluan bertan onartu zen eta 15 milioi euroko zuzkidura duen COVID-19 Ezohiko Laguntzen Programa azaltzeko.

Sailburuak azaldu duenez, bere Sailak beharrezkotzat hartzen du euskal turismo- eta merkataritza-sektoreari bizirauten laguntzeko zuzeneko diru-laguntzen lerro bat ezartzea, pandemiaren hedaduraren berehalako ondorioak kontuan hartuta. “Helburua da inpaktua txikiagotzeko babesa eta euskarria ematea eta osasun-alarma amaitzean jardueran lehenbailehen errebote bat gerta dadin lortzea”.

Sailburuak azaldu duenez, turismo-establezimenduen % 86 inguruk 5 enplegu baino gutxiago dituzte, eta autonomoen kolektiboa handia da (enpleguaren % 20 biltzen du). Merkataritzan, berriz, establezimenduen % 78k 2 enplegu baino gutxiago dituzte, eta % 93k 5 enplegu baino gutxiago; autonomoak % 34 dira.

 Erakunde onuradunak

 Negozio-bolumenari dagokionez jarduera nagusi gisa turismoa edo merkataritza duten eta osasun-alarmaren aldian jarduera erabat eten behar izan duten edota salmentetan % 75etik gorako murrizketa jasan duten autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak.

Diruz lagun daitezkeen kontzeptuak

Gastu operatiboak eta arruntak, lan-gastuak izan ezik (soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak):

  • Jarduera egiten den establezimenduaren erosketa estaltzera bideratutako hipoteka-maileguen kuotei dagozkien ordainketak edo establezimenduaren alokairuaren ordainagiriak, alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31ra bitarteko segidako 3 hilabetekoak.
  • Osasun-alarma indarrean jarri aurretik eskuratutako produktu galkor edo freskoen hornidurarako gastua edo eskuratu ondoren itzuli edo berriro negoziatu ezin izan den sasoiko produktuen stocka erosteko gastua (merkataritza).
  • Osasun-alarmagatik jarduera itxita egon den aldian eragindako gastu arruntak, hala nola hornidurak, beste kontsumo batzuk edo kanpo-zerbitzuen ordainketak; COVID-19ren inpaktuari lotutako askotariko laguntzen aholkularitza- eta kudeaketa-gastuak; ostalaritza-, merkataritza- eta turismo-arloko elkarteetan afiliatzeko kostuak, alarma-egoera indarrean jarri eta 6 hilabeteko gehieneko aldiari dagozkionak.
  • Alarma-egoera indarrean jarri aurreko bosturtekoan egindako inbertsio-epeei dagozkien ordainketak edo inbertsio horien segidako 3 hilabeteko finantzaketa-kuotei dagozkienak, turismoaren kasuan.

Laguntzen zenbatekoari dagokionez, aurkeztutako gastuaren % 100 estaliko du, eta enpresa bakoitzeko gehieneko diru-laguntza 3.000 euro izango da. Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako eta onartutako gastuak 750 €-koak izango dira gutxienez. Sailburuak azpimarratu duenez, «laguntza horiek bateragarriak dira beste edozein diru-laguntzarekin, betiere diruz lagundutako kontzeptuaren kostua gainditzen ez bada».