COVID-19k eragindako osasun alarmako egoera eta birusaren hedapena geldiarazteko dekretatutako konfinamendua estres eragile indartsuak izan dira herritarrentzat, hainbat arrazoirengatik: kutsatzeko beldurragatik, eguneroko bizitza noiz eta nola normalizatu ahal izango den ez jakiteak dakarren ziurgabetasunagatik, gerora sortutako krisi ekonomikoagatik, konfinamenduak eragin duen isolamendu sozialagatik edo maiteen galeragatik, besteak beste. Horregatik, Barakaldoko Udalak, Gizarte Ekintza Arloaren bitartez, programa bat sortzearen aldeko apustua egin du, COVID-19k eragindako egoera horietan egon diren barakaldarrei laguntza psikosoziala ematea helburu duena.
Zainduz programaren bidez ematen da zerbitzua. Plataforma horrek laguntza psikologikoa eskaintzen die senideei, eta mendekotasun-egoeran daudenak zaintzen ditu. Zehazki, honako egoera hauek landuko dira: konfinamendu-egoeran dolua egitea; Covid-19ren osasun-krisiaren aurrean nork bere burua zaintzeko eta emozioak kudeatzeko jarraibideak; tratu oneko harremanak senideen artean; elkar-trukea bultzatzeko elkargune birtuala sortzea, eta laguntza-sare komunitarioak sortzea. Horretarako, laguntza-talde psikosozial birtualak sortuko dira, harrera egiteko, eusteko eta emozioak erregulatzeko: bertan hartu ahal izango dute atseden psikikoa eta entzun egingo zeia. «Espazio propio bat sortu nahi dugu, adierazteko behar adina baldintza izan ez duelako haragituta geratu den guztia adierazi eta kanpora ateratzeko, bere buruarekin konektatzeko bai eta, aldi berean, taldeko gainerako kideekin ere», adierazi du Mikel Antizar Barakaldoko Gizarte Ekintza Arloko zinegotziak.
METODOLOGIA ETA GAIAK
Topaketa birtual horien lan-metodologiak giro beroa, konfiantzazkoa eta segurtasunezkoa sortzea du helburu, hartzaileak ekimen honetan partaide senti daitezen. Ahalik eta laguntza hurbilena jaso, sostengatu eta eskaini ahal izateko, laguntza birtualeko taldeak gehienez 6 kidek osatuko dute, parte-hartze hori erabiltzen den plataforma birtualaren arabera modulatuz, eta ordubeteko 4 saio egitea aurreikusten da, astero.
«Aurreikusitako ordutegia eta datak malguak dira, parte-hartzaileen beharretara egokituko baitira. Zenbait hedabide digitaletarako sarbidea batzuentzat oztopo izan daitekeela jakinda, parte-hartzaileei lagunduko zaie erosoen zaien bitarteko digitala egokitzen, sarbidea errazteko «, adierazi du Antizarrek.