Bilbok, Gasteizek eta Donostiak aurten Aste Nagusia ez ospatzea adostu dute

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Eneko Goia Donostiako alkateak gaur goizean adostu dute jendaurrean adieraztea ezinezkoa izango dela hiriburuetako jaiak ospatzea (Bilbon, ASTE NAGUSIA), udarako aurreikusita zeuden egunetan (Bilbon, abuztuaren 22tik 30era).

Hiru alkateek, lehendakariarekin, Eusko Jaurlaritzako sailburuekin eta hiru lurralde historikoetako ahaldun nagusiekin egindako azken batzarren ostean, COVID 19-ak Euskadin sortutako egoera elkarrekin baloratu dute. Kalean jarduerak egiteko eta hirietan jende asko biltzen duten ekitaldiak ospatzeko Osasun Publikoak ezarri dituen mugak ere baloratu dituzte.

Aukera guztiak aztertu ostean, EAEko hiriburuetako alkateek erabaki dute aste nagusirik ez ospatzea aurten, eta hiri bakoitzeko udal lantaldeekin eta gizarte eta kultur eragileekin lan egitea, 2020ko udan kultur, arte eta aisia jardueren egutegi bat prestatze aldera.

Hiru hiriburuen erabakia bat dator, jai eta kultur ekitaldiak ospatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako irizpideekin eta Eudelen barruan (Batzorde Betearazleko kide guztien adostasunez) onartutako aholkuekin, baita osasun publikoa bermatzeko ezarri beharreko mugapenekin ere.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adostutako erabakia berretsi du, “zuhurrena eta zentzuzkoena delako. Ez da gutako inork gura zuena, baina argi daukagu lehenbizi osasuna datorrela. Pertsonengan pentsatu behar dugu lehenik. Bilbok beste jarduera batzuk izango ditu ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean. Alternatibak landuko ditugu, poza, jaia, artea, umore ona eta dibertsioa gure kaleetara eta gure bizitzetara itzuli daitezen. Gora Marijaia! Gora Aste Nagusia! Gora Bilbo! “.