Bilboko Udala ekainaren 5etik aurrera hasiko da ezkontza zibilak ospatzen Udaletxean

0

Bilboko Udala ostera ere hasiko da ezkontza zibilak ospatzen Udaletxean, ekainaren 5etik aurrera (barikua). Bilboko Udaletxeko ezkontza zibilak bertan behera utzi ziren martxoaren amaieran, COVID-19aren osasun krisiarengatik.

Osasun segurtasuneko arauak betetzearren, fase honetan egingo diren ezkontzetan, aretoaren edukiera, gehienez ere, 15 eta 20 pertsona artekoa izango da, ezkontideak eta lekukoak barne: izan ere ezkontza ospakizunean 2 metroko tartea gorde beharko da pertsonen artean.

Horrez gain, Udalak gel hidroalkoholikoa ipiniko du ezkontza-agiria sinatzeko ohiko ekitaldian parte hartzen dutenentzat, eskuak desinfektatu ditzaten agiri horiek eskuztatu aurretik eta ostean.

Bikoteek, ohi bezala, argazkiak egin ahal izango dituzte Udaletxe barruan, oroigarritarako; baina, edonola ere, 2 metroko tartea gorde beharko dute pertsonen artean.

Behin ezkontza amaitutakoan, Bilboko Udaleko garbiketa zerbitzuak espazioa eta altzariak desinfektatuko ditu.

Udalaren ezkontza zerbitzua lanean ari da egutegia berrantolatzen, martxoan eta apirilean COVID-19agatik bertan behera utzi ziren ezkontzak ospatu ahal izateko eta, aldi berean, datozen hilabeteetarako aurreikusita zeuden ezkontzak ospatu ahal izateko.