Bilboko Udalak bakardade-egoeran egon daitezkeen adinduak identifikatzen herritarren laguntza eskatu du

0

Bilboko Udalak gogorarazi du axola handiko kontua dela herritarrek lagun dezaten inguruan, auzoan edo auzotarren artean inor bakandurik egon ote daitekeen atzematen, batez ere adinduak.

Alarma egoerako fase berri honetan, hurbileneko inguruarekin lehen harremanak sortzen hasten baikara, Udaletxeak berriro ere gogorarazi nahi du adi egoteko bakardade egoeran, oinarrizko beharrizanak ase ezinik edo laguntzeko familia sarerik edo sare sozialik barik egon daitezkeenen egoerak hautemateko.

Gizarte Ekintzako Sailak ohartarazi du ezen, sarri askotan, bakartze egoera horiek ez direla agerikoak izaten, baina beharrezkoa izaten dela hautematea, Udalaren Gizarte Ekintzako Zerbitzuek esku hartzeko modua izan dezaten eta prebentzio-lanak gauzatzeko. Horretarako, Udalak berriro galdegin du herritarren laguntza, inguruan ezagutzen edo sumatzen dituzten bakardade egoeren berri emateko.

Honelako egoerarik hautemanez gero, Udalak herritarrei eskatzen die jar daitezela harremanetan Gizarte Zerbitzuekin010 telefonora deituz edo urgencia@bilbao.eus helbidera email bat bidaliz. Horrela, Gizarte Zerbitzuetako profesionalek kasua baloratu, esku hartu eta zelan doan zainduko dute.

36.670 ADINDURI DEITU ZAIE

Xede horrekin berarekin, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, dagoeneko 65 urtetik gorako 36.670 pertsonari dei egin zaio. Kopuru hori kolektibo horren ia erdia da –guztira 80.000 inguru baitira- eta biztanleria osoaren % 24. Talde batek egin ditu dei horiek, Gizarte Ekintzako ehun bat profesionalekin batera Udaleko hainbat boluntario ibili baitira, Juan Mari Aburto alkatea ere bai, pertsona horiekin harremanetan jartzeko eta haien osasun egoera eta animo egoera ezagutzeko, eta egoera pertsonala ere bai (bakardadea, autonomia maila…), jakitearren ea behar ote zuten Udal Sailek eman ohi dituzten zerbitzuetakoren bat.

Ekimen honekin, Bilbok osatu egiten ditu Gizarte Zerbitzuek larrialdi sanitarioko egoera honetan abian jarritako baliabideak, hala nola gizarte larrialdiko antolamenduak etxerik gabeko pertsonentzat, eta arreta eskaintzea Urian bakardade arriskuan diren adinduei eta ELZ etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileei (3.000 erabiltzaileei deitu zaie etengabe), eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen telefono bidezko arreta 010 telefonoan bateratzea, beste erabaki batzuen artean.