Eusko Jaurlaritzak Euskadi osoa 2. faserantz aurrera egitea proposatu du

0

Eusko Jaurlaritzak bere proposamena bidali zion atzo Osasun Ministerioari, Euskadik, oro har, deskonfinamenduaren «bigarren fasera» aurrera egin dezan, Iñigo Urkullu Lehendakaria bera buru duen «Bizi Berri» planaren arabera. Eusko Jaurlaritzaren ustez, Euskadiko egoera epidemiologikoa eta asistentziala ona da, zaintza- eta kontrol-neurriak hartzen ari dira eta, horregatik, fasez fase aurrera egiten jarraitzeko proposamen bat egin du Estatuko baldintzak ezagutu bitartean.

Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, Osasun sailburuak eta Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak proposamenaren edukia azaldu dute.

EGOERA EPIDEMIOLOGIKOA ETA ASISTENTZIALA

Alde batetik, zerra-hortzak gorabehera, datuek joera positiboa erakusten dutela adierazi du Nekane Murga sailburuak. “Euskadi pixkanaka aurrera egiteko prest dagoela uste dugu», gaineratu du.

Jarrera hori argudiatzeko, Osasun sailburuak esan du Euskadik arlo epidemiologikoan eta asistentzian duen gaitasuna «oso garrantzitsua» dela, hala nola: Euskadik 10.000 biztanleko ZIUko 2,8 oheko tasa edo 38,9 ospitaleratze-oheko tasa du; milioi biztanleko 73.900 PCR test baino gehiago egin dira (maiatzaren 16an), eta horrek Euskadi Europako batez bestekoaren gainetik kokatzen du; Euskadiko R0 indizea bataren azpitik dago eta, maiatzaren aste batetik bestera, kasu berrien kopurua heren bat jaitsi da.

Datu horiei gehitu behar zaizkie abian jarritako neurriak, hala nola Osakidetzako asistentzia-jarduerara pixkanaka itzultzea edo Epidemiarako Zaintza eta Kontrol Plana hedatzea. Plan honen helburua da kasu berriak garaiz identifikatzea, hauen eta kontaktu estuen jarraipena egitea, eta pandemiaren ibilbidea monitorizatzea.

  1. FASERA PASATZEKO NEURRIAK

Bestalde, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza alde biko lanean ari da lehen fasetik 2. faserako bilakaeran, eta Estatuak probintzia eta lurralde guztietarako ezarriko dituen behin betiko baldintzak oraindik ezagutzen ez diren arren, Eusko Jaurlaritzak dagoeneko helarazi dizkio Espainiako Gobernuari datorren astelehenean, maiatzaren 25ean, hasiko den 2. faserako egokiak iruditzen zaizkion ezaugarriak.

Euskadik helarazitakoa PROPOSAMENA da, eta momentuz ez du jaso Estatuko Gobernuaren erantzunik. Jasotzen diren neurriak bat datoz Iñigo Urkullu Lehendakariak Presidenteen Konferentzian orain arte aurreratutakoarekin:

Estatuko Gobernuarekin 2. Faseko negoziaziorako Eusko Jaurlaritzaren proposamenaren oinarrizko elementuak.

  1. Gune itxi guztietan eta 2 metroko distantzia gorde ezin den lekuetan maskarak erabiltzeko gomendatzea. (Merkataritza-guneak, dendak,…)
  2. Kultura- eta aisialdi-jarduerak:
    • Espazio itxietan, edukiera % 50ekoa izango da: museoak, kultur etxeak, antzokiak, zinemak, etab.
    • Espazio irekietan, 500 lagunentzako edukiera izango da gehienez ere; publikoa eserita egongo da, eta distantziak zein gainerako segurtasun-neurriak bermatuko dira.
    • Kultura jarduerak ekainaren 1etik aurrera hasiko dira programatzen
  3. Ostalaritzan eta jatetxeetan % 50eko edukiera barrualdean, eta terrazetan mahaien edo mahi multzoen artean 2 metroko distantzia bermatzea. Zerbitzua, beti, eserita.
  4. Denda eta merkataritza-gunetan % 50eko edukiera, maskara erabiltzea gomendatuz.
  5. Turismoa: Turismo aktiboa eta natura-turismoa (mendi-ibiliak), enpresa bitartekari bat erabiltzeko obligaziorik gabe zabaltzea.
  6. Etxebizitza pribatutan eta espazio pribatutan bilerak egiteko azalpenak.
  7. Hezkuntza, maiatzaren 25etik aurrera hezkuntza-jarduera presentziala hastea:
    • DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. eta 2. mailetako, eta Lanbide Heziketako gradu guztietako 1. eta 2. mailetako ikasleen hezkuntza-jarduera presentziala.
  1. Egoitzak: Zentro soziosanitariotan bizi diren pertsonak bisitatzen uztea. Pertsona eta egun bakoitzeko bisita bat, gutxienez, bermatzeko gomendatzea, baina egoera baloratuz, eta pertsona bakoitzaren beharrak eta zentroko egoiliar guztien segurtasuna lehenetsiz.
  2. Azoka-esparruak eta antzekoak: urruntze sozialeko neurriak errespetatuz sartzeko probak eta azterketak egiteko zabaltzea.
  3. Hezkuntza pribatua, adibidez, Euskaltegiak, hizkuntza-eskolak, antzeko beste formakuntza batzuk. Ikastegietako ikasgelatan edukiera mugatuarekin, urruntze sozialeko neurriekin eta higiene-neurriekin jarduerara itzultzeko aukera.

Euskara-mailak frogatzeko azterketak egitea (HABE).