Hezkuntza Sailak lanbide heziketarako sarbide probak egiteko prozedurari berrekin dio

0

Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, Lanbide Heziketarako sarbidearekin lotutako administrazio-prozedura batzuk berriro irekitzea onartu du. Prozedura horiek bertan behera geratu ziren martxoaren 14an 463/2020 Errege Dekretua onartu ondoren. Errege-dekretu horren bidez, COVID-19k eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko alarma-egoera deklaratu zen.

Errege Dekretu horrek, besteak beste, sektore publikoko erakundeetan prozedurak izapidetzeko epeak etetea ezartzen zuen, eta epe horien zenbaketa geroago hasiko zela adierazten zuen. Aurrerago berriz, martxoaren 17ko 465/2020 Errege Dekretuak adierazten zuenez, «sektore publikoko erakundeek erabaki ahal izango dute, arrazoituta, interes orokorra babesteko edo zerbitzuen oinarrizko funtzionamendurako ezinbestekoak diren administrazio-prozedurekin jarraitzea».

Lanbide Heziketako Erdi eta Goi-mailako zikloetarako sarbide probak

Araudi hori aintzat hartuta, Gobernu Kontseiluak baimena eman du gaur goizean, Lanbide Heziketako Erdi-mailako eta Goi-mailako heziketa-zikloetarako sarbide probak egiteko prozedurari jarraipena emateko.

Ondorioz, Plangintza eta Antolaketako zuzendariaren 2019ko azaroaren 25eko Ebazpenaren bidez aldez aurretik hasitako egutegia berrabiarazi eta eguneratu da. Egutegiak honela jarraitzen du, beraz:

  • Salbuespenen behin behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea: maiatzak 22 arte
  • Salbuespenen behin-betiko zerrenda: maiatzak 25
  • Azterketen egunak: maiatzak 27 eta 28
  • Behin-behineko emaitzak: ekainak 16
  • Behin-behineko zerrendari erreklamazioak egiteko epea: ekainaren 16tik 19ra
  • Behin betiko emaitzak: ekainak 26
  • Ziurtagiriak: ekainak 26 

Interesdunek urtarrilaren 28tik otsailaren 7ra bitartean eman ahal izan zuten sarbide probatan parte hartzeko izena.

Sarbide-proba hauek Lanbide Heziketako Erdi-mailako edo Goi-mailako heziketa-zikloetan matrikulatzeko behar diren baldintza akademikoak betetzen ez dituzten pertsonei zuzenduta daude, eta horiek gainditzea ezinbesteko baldintza dute 2020-2021 ikasturtean ikasketa horietan matrikulatu ahal izateko.