Kultura-arloko agenteek aurreikusi dute urteko diru-sarrerak Covid-19a hedatu aurretik espero zituztenak baino % 40,8 txikiagoak izango direla

0

Eusko Jaurlaritzaren mendeko Kulturaren Euskal Behatokiaren azken azterlanaren arabera, kultura-arloko agenteek aurreikusi dute urteko diru-sarrerak Covid-19a hedatu aurretik espero zituztenak baino % 40,8 txikiagoak izango direla. Agenteek ikerketa horretan bertan gaineratu dutenez, jarduera % 82,6ko proportzioan murriztu da, kultura-enpresen barne-jarduerari baino ezin izan baitzaio eutsi. Emaitza horiek Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak krisiak kultura-esparruan izan duen eragina neurtzeko bultzatutako Krisiaren Behatokia txostenaren lehen jasoalditik atera dira.

Lehen jasoaldi hori apirilaren 9tik 26ra bitartean egin zen, eta kultura-arloko 243 agentek parte hartu zuten. Txostena honela egituratuta dago:

  • Lehenik eta behin, kulturak Covid-19aren aurretik zuen testuingurua deskribatzen da. Kultura-adierazleak zein adierazle ekonomikoak aurkezten dira, eta Covid-19a hedatu aurreko egoeraren irudi globala eta sintetikoa eskaintzen da.
  • Halaber, sektoreak eta sektoreko agenteek erreakzio gisa egin dituzten ekimenak aztertzen dira.
  • Inkestaren emaitzei dagokienez, lehenik eta behin inpaktuaren azterketa orokor bat agertzen da jarduerari, enpleguari eta balantze ekonomikoari dagokienez, eta iturri ofizialen bigarren mailako datuetan oinarritutako zenbatespenak gaineratzen dira. Ondoren, azterketa sektorial bat egiten da, eta, horren barruan, sektore bakoitzari buruzko datu espezifikoak ematen dira, aldez aurreko egoerakoak zein inkestaren emaitzei lotutakoak.
  • Azkenik, aurretiazko ondorioen ostean, sektoreari laguntzeko neurrien laburpen bat eskaintzen da, ikuspegi analitiko kronologiko eta tipologiko batetik.

Aldez aurreko egoera

Kulturak Covid-19aren aurretik zuen testuinguruari dagokionez, joera positibo bat identifikatzen da azterlanean, batez ere kontzertuetan eta arte eszenikoetan. Covid-19aren aurreko egoeraren balorazioei dagokienez, azpimarratu beharra dago pertzepzioak positiboak direla agente gehienen kasuan: egoera ona edo oso ona zela adierazi duten agenteak % 57 dira (% 40,2k ona eta % 17,1ek oso ona). Aitzitik, agenteen % 20ren ustez, krisiaren aurreko egoera txarra edo oso txarra zen (% 14,5en eta % 5,6ren ustez, hurrenez hurren). “Covid-19a kultura-adierazleen zati handi baten bilakaera positiboaren testuinguruan agertu da”, jaso da txostenean.

Aurreikuspenak

Inkestaren emaitza orokorrei dagokienez, eta urteko diru-sarrerak zenbatetsita, aurreikusitako galerak % 40,8ra iristen dira batez beste, agenteek 2020rako aurreikusten zituzten diru-sarrerekin alderatuta. Enpleguan izandako eragin negatiboa % 43,2koa izan da (kaleratzeak, ERTEak eta beste neurri batzuk eragin negatibo gisa hartuta), baina eragina izan den kasu guztien % 10ean baino ez da egon kaleratzerik. Halaber, eragileen % 67,5ek pandemiak jardueran eragin sakona edo erabatekoa izango duela aurreikusten dute.

Kultura-jarduerari dagokionez, jarduerak % 82ko beherakada izan du batez beste, eta jardueraren parte txiki batek eutsi ahal izan dio (barne-jarduera, baliabide digitalen bidez egin daitekeena, abian dauden produkzioekin edota plangintzarekin zerikusia duena eta abar). Era berean, lehen jasoaldian aztertutako aldian, inpaktua handiagoa izan da produktu fisikoen salmentan (liburuak batez ere), establezimenduak itxi izanaren ondorioz (zehazki, liburuen eta diskoen salmentak % 62,49ko beherakada izan du). Zuzeneko jarduerari dagokionez, kasu gehienetan jarduerak atzeratu dira, datarik jarri gabe. Txostenak adierazten duenez, “programatzaileek bertan behera uztea saihesteko borondatea dutela erakusten du horrek, ziurgabetasunak eta azken asteotako informazioan gertatu diren aldaketek data berriak finkatzeko aukera nabarmen zaildu badute ere”. Etorkizuneko kontratazioen aurreikuspenek ere % 80,4ko beherakada jasotzen dute batez beste.

Inkestan parte hartu duten eragileek beren kultura-proiektuen bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko garaian garrantzirik handiena duten gastuak ere aipatu dituzte. Garrantziaren araberako hurrenkeran, honako hauek dira: zerga-betebeharrak, langile-gastua, hornidurak eta, azkenik, kontratatutako kanpoko zerbitzuak.

Kulturako langileek baliatu dituzten neurriei dagokienez, inkestaren lehen jasoaldia egin zen unean honako hauek izan ziren azpimarratuenak: telelanari lotutako soluzioak, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteen eta zerga-betebeharren malgutzea eta beste administrazio-prozedura batzuk.