Mungian bi gizonezko atxilotu dituzte emakume bati sexualki eraso egiteagatik

0

Ertzainek, Mungiako Udaltzaingoaren laguntzaz, 45 eta 48 urteko bi gizonezko atxilotu zituzten atzo, astelehena, goizaldean, emakume baten sexu-askatasunaren aurkako delitua leporatuta. Erasoa bi gizonak bizi diren etxean gertatu zen.

Atzo goizaldeko hamabiak eta laurden aldera, Mungian herritarrak babesteko lanetan ari ziren udaltzainei laguntza eskatu zieten, berriemailearen arabera etxe batean eztabaidan ari zirela eta emakume baten garrasiak entzuten zirela eta.

Agenteak berehala hurbildu ziren adierazitako lekura, eta etxeko sukaldean odola eta mahai bat hautsita aurkitu zituzten. Agenteak bi gizonezkoak identifikatzen ari zirenean, emakumearen garrasiak entzun zituzten laguntza eske.

Emakumea gela batean zegoen, eta udaltzainak gelan sartu zirenean aurpegia odolduta zuela ikusi zuten. Emakumeak agenteei esan zien bikotekidearekin eztabaida izan zuela eta jotzeaz gainera, sexu-harremanak izatera behartu zuela. Horrez gainera, esan zien beste gizonezkoak, bikotekidearen pisukideak, ere parte hartu zuela erasoan.

Horren aurrean, agenteek atxilotu egin zituzten bi gizonezkoak sexu-askatasunaren aurkako delitu bat leporatuta, eta ertzain-etxera eraman zituzten. Ertzaintza arduratu zen gertaera ikertzeaz eta biktimari salaketa hartzeaz.

Biktimaren salaketaren bidez jakin ahal izan denez, ez da Mungian bizi eta ostiraletik bikotekidearen etxean zegoen bertan atxiki zutelako eta telefono mugikorra ere kendu ziotelako. Bi gizonezkoak, beraz, legez kanpoko atxikitzeagatik ere ikertuko dituzte.

Atxilotuak atzo arratsaldean eraman zituzten Gernikako Guardiako Epaitegira. Epaileak aske utzi zituen, eta hilero, hilaren 1ean eta 15ean, joan beharko dute epaitegira.