Aurrez aurreko irakaskuntzarako itzuleraren Jarraipen Batzordea abian da

0

“EAEko ikastetxeetan 2019-2020 ikasturtearen amaieran koronabirusaren aurka Jarduteko Protokolo Orokorrean” aurreikusita dagoen eran –joan zen astean bidali zitzaien ikastetxeei dokumentu hau-, Hezkuntza Sailak Jarraipen Batzordea jarri du abian, ikastetxeetatik irits litezkeen zalantzak eta gorabeherak aztertzeko eta erantzuteko. Horretarako, ikastetxeek Laguntza eta Jarraipen Batzordeak eratuko dituzte, ikasgeletarako itzulera prozesuan bermeekin laguntzeko.

Honako kide hauek osatzen dute Jarraipen Batzordea: Ikastetxe eta Plangintzako zuzendariak, Ikuskatzaile nagusiak, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, Azpiegitura, Baliabide eta Teknologietako zuzendariak eta Osasun Saileko ordezkari batek.

Batzordearen eginkizun nagusia da ikastetxeek luzatutako arazoak edo zalantzak erantzutea eta ebaztea, bai prebentzio-neurriei dagokienez, antolaketa-neurrien inguruan edo jarduerak garatzeari buruz planteatutakoen gainean. Horretarako, beti hartuko dira kontuan Osasun Sailak eta Prebentzio eta Arriskuen Zerbitzuak emandako irizpideak, bai eta Hezkuntza Sailak ezarritako jarraibideak ere.

Era berean, kasuan kasuko esparrua ezagutzen duten pertsona guztiei dei egin ahal izango zaie Batzordean puntualki parte hartzeko, sortzen diren arazoei hobeto erantzuteko aholkuak eman ditzaten.

Batzorde honek, Hezkuntza Lurralde bakoitzeko ordezkariekin lankidetzan, EAEko ikastetxe publiko guztiei erantzun koordinatua ematen zaiela zainduko du. Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak behar duen edo zehazten duen guztietan bilduko da edo, hala badagokio, batzordeko kideren batek eskatzen duenean.