Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako Kontseilu Errektoreak 2020 aldirako diru-laguntzak antolatzeko dokumentu nagusiak aldatu ditu

0

2020ko maiatzaren 19ko bilkuran, COVID-19ak eragindako krisialdi eta ziurgabetasun-egoerari behar bezala erantzuteko, Kontseilu Errektoreak aldatu egin ditu joan den otsailaren 11ko bileran onartuak izan zirenak Diru-laguntzen Plan Estrategikoa, funts banagarriak eta 2020rako deialdien egutegia. Hauek dira egindako aldaketa nagusiak:

  • Ekintza humanitarioko proiektuen modalitateak 2.6 milioi euro gehiago izango ditu (PRE, ildo irekia eta iraunkorra). Izan ere, COVID-19aren ondorioz sortutako egoerei ondoen erantzun diezaiekeen tresna bait da (eragileen artean aniztasun handiagoa lortu eta funtsak agortu arte ireki).
  • Bertan behera gelditu dira Nazio Batuen Sistemaren baitako (NBE) nazioarteko erakundeetan bolondres izateko beken deialdia eta baita Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa (EGL) ere, nazioarteko mugikortasuna mugatzearen ondorioz. Baita Ekintza Humanitarioko Estrategien modalitatea (EHE) ere, lehentasunezkotzat jotzen baita baliabide horiek ildo ireki eta iraunkorrera bideratzea.
  • Zuzeneko esleipenetara bideratutako zenbatekoa murriztuko da. Garapenerako Lankidetzaren IV. Gida Planean estrategikoak direnak lehenetsiko dira. Horrez gain, COVID-19 nazioarteko deien bidez krisiari aurre egiteko baliabideak ere gordeko dira.

Tresnen eta dagozkien ordainketa-sistemen arteko banaketa berri honen arabera, 2020an banatu beharreko funtsen guztizkoa 40,4 milioi eurokoa da, eta erakunde bakoitzak gehienez 2,8 milioi euro eskuratu ahal izango ditu (funts banagarrien %7).

Azkenik, 2020rako deialdien egutegia eguneratu da ere. COVID-19ak udazkenean izan lezakeen gorakadak deialdien ebazpena arriskuan jar ez dezan, genero-berdintasunaren aldeko antolaketa aldaketarako prozesuak (GBA) eta  Garapenerako Lankidetzaren arloan espezializatzeko bekak (BEK) sustatzeko laguntzen deialdia aurreratzea proposatu da. Datak behin-behinekoak dira eta, beraz, aldatu egin daitezke tramitazio prozesuaren arabera.

Kontseilu Errektorea, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren erabaki, administrazio eta kontrolerako organo gorena da.

Diru-laguntzen Plan Estrategikoak eta funts banagarriek aurrekontua aplikatzeko ildo nagusiak ezartzen dituzte. Lehenak 2020rako aurreikusitako diru-laguntzen lerroak zehazten ditu (zuzenekoak zein norgehiagokako prozeduren bidez eman beharreko diru-laguntzak). Bigarrenean, diru-laguntzen lerro bakoitzerako zenbatekoak zehazten dira, eta 2020an ordaindu beharreko zenbatekoa eta baita etorkizuneko konpromisoak ere zehazten dira.