Donostia Estatu mailan nazioarteko kongresuen rankingean zortzigarren postuan dago

0

CCA Kongresuen eta Batzarren Nazioarteko Elkarteak jendaurrean jarri du 2019ko urteko rankinga. Ranking horretan, 578 ekitaldirekin, Espainia laugarren postuan dago eta estatuan, Donostia 8. postuan dago. Hiri handiagoak eta azpiegitura handiagoak dituztenak bakarrik ditu aurretik; adibidez, Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Granada edo Bilbo.

Atzetik ditu, aldiz, populazio handiagoa duten zenbait hiri, hala nola Zaragoza, Mallorcako Palma eta Alacant. Biztanle kopurua kontuan hartuta, Donostia Bartzelona, Granada eta Valentziaren atzetik geratuko litzateke. Guztira Espainiako 56 hiri sartu dira 2019an rankingean ekitaldiren batekin.

Mundu mailako ICCA rankingean, Donostia 221. postuan dago, kontuan hartutako 1.835 hirien artean, eta Europa mailan, aldiz, 112. postuan, Bonn, Estrasburgo, Hannover, Heidelberg eta beste hiri batzuekin batera.

ICCA, International Congress and Convention Association, prestigiorik handieneko elkartea da bere arloan eta nazioartean erreferentzia. Oso irizpide zorrotzak erabiltzen dituzte kongresuak zenbatzeko orduan. Nolabaiteko maiztasunez egiten diren nazioarteko kongresuak, 3 herrialde baino gehiagoren artean txandakatzen direnak eta gutxienez 50 partaide dituztenak bakarrik erregistratzen dituzte. Irizpide horiek aintzat hartuta, Donostian izan ziren 12 ekitaldi zenbatu dituzte.