Ikasleek Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolari nota ona jarri diote

0
PRUEBA

Ikasleek Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolari eta eskolei buruz duten gogobetetze-maila ezagutzeko, ikastetxeak inkesta bat betetzeko aukera eman zien ikasle eta familiei: «Lagundu hobetzen/Ayúdanos a mejorar».

Inkesta hori astebetez egon zen eskuragarri, eta gustura esan dezakegu 450 erantzun baino gehiago jaso direla. Parte-hartze zabal honi esker, Eskolak zehaztasun handiagoz jakin dezake ikasleek egindako moldaketen inguruan egiten duten balorazioa.

Galdetutako pertsonen %97,6ak positibotzat jotzen du Eskolak egoera berri honi emandako erantzun orokorra. Erabiltzaileen %90ak egokitzapenak egiteko behar izandako denbora ulertzen du, eta %96ak maiatzetik aurrera murriztutako prezio publiko berriak egokitzat hartzen ditu.

%87ak adierazi du Eskolan matrikulatuta jarraitzeko asmoa duela, eta %11,2ak, irailean egoera zein izango den jakin gabe, oraindik ez duela argi. Ikasleen %98ak Eskola lagunei gomendatuko liekeela dio.

Lortutako datu positiboak, irakasleek eta Eskolako langileek azken hilabete hauetan egin duten ahalegin handiaren emaitza dira, eskola-saioak egokituz, online edukia sortuz, jarduketetarako formatu berriak bilatuz, komunikazio-bide berriak landuz, etab. Horren erakusgarri da inkestan balorazio altuena jaso duen alderdia irakasleen inplikazioa izatea, %98,5ko balorazio positiboarekin, eta %67,7k gehieneko balorazioa emanda.

Ondorioz, erabiltzaileen gogobetetasun-maila handia eta erabiltzaileen esker ona ikus daitezke. Eskolak balio handia ematen die lortutako puntuazioei, eta eskerrak ematen dizkie Eskola osatzen duten pertsona guztiei, egoera zail honetan parte hartzeagatik. Eskolak uste du lanak espero ziren emaitzak hobetu dituela, eta zorionak eman nahi dizkie bertako kide izan diren guztiei.

Bestalde, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak hobetu beharreko alderdien inguruko informazio eta proposamenak jaso ditu inkestaren bidez. Proposamen guztiak aztertu, kudeatu eta egiten duen lana hobetzeko erabiliko dira, egoera honetan ere guztiok musikaz eta dantzaz gozatzen jarraitu dezagun.