Osasun Sailak eta Osakidetzak kolektibo espezifikoetan COVID-19a atzemateko 136.000 probatik gora egin dituzte

0

Osasun Sailak eta Osakidetzak kolektibo espezifikoetan COVID-19a atzemateko 136.000 probatik gora egin dituzte. Probarik gehienak esparru sanitarioan eta soziosanitarioan egin dituzte, baina baita Ertzaintzan, suhiltzaileen kolektiboan eta udaltzaingoetan ere, arrantzaleei eta espetxeetan egiteaz gainera. Horixe eman du jakitera Nekane Murga Osasuneko sailburuak gaixotasunaren bilakaeraren berri emateko gaur egindako agerraldian, eta adierazi du programa horiek beste kolektibo profesional batzuetara ere hedatuko direla pixkanaka.

Sailburuak nabarmendu du hilabete hauetan Osasun Saileko eta Osakidetzako profesionalek egin duten ahalegin itzela egunero probak egiteko, eta adierazi du orain deskonfinamendu-faserako abian jarritako lehen-mailako arretako zaintza- eta kontrol-planaren esparruan egingo dutela, bai eta baheketa-programen bidez edo kolektibo espezifikoei probak eginez ere.

Osasunaren arloan, eta pandemia hasi zenetik, 86.000 proba baino gehiago egin dizkiete Osakidetzako profesionalei: 46.407 PCR eta 39.803 test azkar, eta PCR bidez baieztatutako positiboen ehunekoa, profesional guztiekiko, % 5,45ekoa da. Esparru soziosanitarioan 22.024 proba egin dizkiete profesionalei, eta 20.000 inguru egoitzetan bizi diren pertsonei.

Ertzaintzari dagokionez, guztira 4.788 proba egin dituzte, testa egitea borondatez onartu duen plantillaren % 60ri, alegia. 100etik 5ek baino gutxiagok eman dute positibo test serologikoan, eta probak egiteko prozesuari maiatzean ekin zitzaionetik ez da positiborik izan PCRtan. Suhiltzaileen kasuan, berriz, Euskadin lan egiten duten 1.500 suhiltzaileen herenari egin diote proba, eta test serologikoetan % 5ek baino gutxiagok eman dute positibo eta ez da positiborik izan PCRtan maiatzean. Udaltzainei probak egiten ere hasita daude, guztira 3.000 dira eta heren bati egin dizkiote. Test serologikoen bidez baieztatutako kasuak % 4 baino gutxiago izan dira eta PCRtan ez da positiborik izan.

Arrantzaleei dagokionez, datozen egunotan ontziratzea aurreikusten duten guztiei egin zaizkie probak. Orain arte 750 bat arrantzaleri egin zaizkie test azkarrak eta PCRak, eta ez da positibo bakar bat ere izan.

Espetxeen kasuan, 1.630 pertsonari (espetxeratuei, funtzionarioei eta sanitarioei) egin zaizkie testak, eta intzidentzia gainerako kolektiboetan baino txikiagoa da: zehazki, % 1ekoa proba serologikoetan eta positibo bakar bat ere ez PCRtan.