Euskadik %4 murriztu ditu bere berotegi-efektuko gasen isuriak urtebetean

0

Euskal Autonomia Erkidegoko berotegi-efektuko gasen isuriak % 4 murriztu ziren 2018an, 2017koekin alderatuta, eta, balio absolutuetan, 18,9 milioi tona isuri ziren, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako Berotegi-efektuko Gasen 2018ko Inbentarioaren arabera. Inbentarioaren 2018ko edizioa egiteko erabilitako metodologia kanpoko talde batek egiaztatu du, Klima-aldaketari buruzko Nazio Batuen Esparru Konbentzioak inbentarioak egiteko emandako jarraibideei jarraikiz.

Klima-aldaketaren eragile diren berotegi-efektuko gasen (BEG) sorreran erregistratutako beherakada % 26koa izan da 2005az geroztik. Bizitegi- eta zerbitzu-sektoreak izan ziren igo ziren bakarrak. Gainera, lurraren erabileren sektorean, lurraren erabileren aldaketan eta basogintzan 1,9 milioi tona xurgatu ziren 2018an.

2018an, Berotegi-efektuko Gasen isuriek behera egin zuten Euskadin, oro har, ia sektore guztietan, hazkunde ekonomikoaren testuinguruan, BPGd-a % 3 handitu baitzen. Ingurumeneko sailburu Iñaki Arriolak inbentarioaren datuak aurkeztu ditu, Elena Moreno sailburuordearekin batera, eta zera adierazi du: “2005etik, BPGd-aren unitate bakoitzeko BEG isuriak % 36 jaitsi direla berretsi da, eta % 52, 1990arekin alderatuz gero. Horrek adierazten du EAEko ekonomiak zer-nolako desakoplamendua duen sortutako isuriekiko”.

Murrizketa handiagoak industria- eta energia-sektoreetan

BEG isurien inbentarioari ekarpen handiena egiten dioten sektoreak energia-, garraio- eta industria-sektoreak dira. Hiru sektore horiek isurien % 85 inguru biltzen dute. Nolanahi ere, inbentarioko datuek erakusten dute sektore ekonomikoen portaera desberdina izan dela. Izan ere, isuriak gehien murriztu dituzten sektoreak industria eta energia dira. Nekazaritzak eta hondakinek ere gutxiago isurtzen dute, baina ekarpen txikia egiten dute. Bizitegi- eta zerbitzu-sektoreek ehunekotan handitu dituzte isuriak – ia % 50 bizitegi-sektorean eta halako bi baino zertxobait gehiago zerbitzu-sektorean – 1990etik, nahiz eta 2005etik aurrera isuriak ez diren nabarmen aldatu.

Energia eta garraioa

Energiaren sektorea Euskadiko isurien % 34 da. 2018ko isuriak % 5 jaitsi dira, funtsean sektore elektrikoan isuri gutxiago egin direlako. Elektrizitatearen azken kontsumoa % 2 hazi da, batez ere industriaren eraginez. 2005. urtearekin alderatuta, sektore horretako isuriak % 40 murriztu dira, eta 1990. urtearekin alderatuta, berriz, % 18; sortutako kWh bakoitzeko CO2 isuria % 23 murriztu da 2005. urtearekin alderatuta, eta 1990. urtearekin alderatuz gero, % 56.

Garraioaren sektoreak ere isurien % 34 dakar, eta Euskal Autonomia Erkidegoko bigarren isuri-iturririk handiena da. Sektore horretako isurien % 96, gutxi gorabehera, errepideko garraioari lotua dago. Garraioaren sektoreko isuriak % 1 murriztu dira 2018an. Hala ere, 2005. urtearekin alderatuta, % 15 igo dira, eta batez ere turismoek eragin dute igoera hori.

  1. urtearekin alderatuta, bai salgaien garraioari lotutako emisioek, bai pertsonen garraioari lotutakoek ia bikoiztu egin dituzte emisioak.

Industria

Industria-sektoreak Euskadiko isurien % 18 sortzen du (zuzeneko isuriak), baina kontsumitzen duen elektrizitatearekin lotutako isuriak kontuan hartuz gero (zeharkako isuriak), ehuneko hori % 31raino igoko litzateke.

Zuzeneko isuriak % 9 murriztu dira 2018an aurreko urtearekin alderatuta, BPGd industrialaren hazkundearen testuinguruan. Murrizketa hori araututako sektoreetan nahiz sektore lausoetan gertatu da, gas natural gutxiago kontsumitzearen ondorioz oro har, bai eta zementu-sektorean isuriak murriztearen ondorioz ere. 2005. urteaz geroztik, isuriak % 38 jaitsi dira, eta 1990. urtearekin alderatuta, % 53. Horrek agerian uzten du sektore horretan gertatu den eraldaketa.

Bizitegia

Bizitegi eta zerbitzuen sektoreak EAEko berotegi-efektuko gasen % 7 isurtzen du (zuzeneko isuriak). Kontsumitzen duen elektrizitatearekin lotutako isuriak kontuan hartuz gero (zeharkako isuriak), ehuneko hori % 17ra arte igoko litzateke. Zuzeneko isuriak % 5 igo dira 2017arekin alderatuta, bizitegi-sektoreko gas naturalaren eta petrolioaren deribatuen kontsumo handiagoaren ondorioz.

Lehen sektorea eta hondakinak

Nekazaritza, abeltzaintza eta arrantza Euskadiko isurien % 3 dira. Azken urtean, sektore horretako isuriak % 22 murriztu dira. 2005eko eta 1990eko datuekin alderatuta, isuriak % 50 eta % 48 murriztu dira, hurrenez hurren. Sektore horretako beherakada hainbat faktorek eragin dute; besteak beste, abeltzaintza-erroldaren beherakadak, ongarri mineralaren dosiaren murrizketak eta arrantza-jardueraren eta nekazaritza-errekuntzaren beherakadak.

Hondakinen sektoreko isuriak Euskadiko isuri guztien % 4 dira. 2018an, sektore horretako isuriak % 1 murriztu dira. 2005eko eta 1990eko datuekin alderatuta, isuri horiek % 37 eta % 24 murriztu dira, hurrenez hurren.

Ingurumena eta COVID

Iñaki Arriola sailburuak gogorarazi duenez, kutsadura-mailak nabarmen jaitsi dira Euskadin osasun-krisiaren ondoriozko konfinamenduan zehar; nabarmen ikusi da hori hiri handietan eta garraioaren sektorean batez ere. Lehen kalkuluen arabera, baliteke isuriak % 20 murriztu izana martxoan eta % 40 apirilean, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta horren ondoriozko inpaktua aurtengo BEG isuri guztien % 5 eta % 10 artekoa izatea.

Ildo horretatik, Arriola jaunak adierazi du une hauetan ahaleginak egin beharko genituzkeela bateragarri egiteko koronabirusak geldiarazitako sektore ekonomikoen susperraldia –denok hainbeste nahi eta behar duguna– eta klima-aldaketaren aurka borrokatzeko konpromisoa: “Beharrezkoa da martxan jartzea –gaineratu du–, baina funtsezkoa da modu jasangarrian egitea, ekonomiaren deskarbonizazioan aurrera eginez; izan ere, susperraldi berdea bultzatzen duten Europa mailako ekimenak planteatzen ari dira”.

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak ideia hori indartuko du, eta datorren astean herritarrak sentsibilizatzeko kanpaina bat abian jarriko du horretarako: ‘Etxetik ateratzeko unea iritsi da Euskadi jasangarriago batean sartzeko’. Kanpainak ahaleginak bateratu nahi ditu erakundeen, enpresen eta herritarren artean, eta hurbileko merkataritzan kontsumitzea aukeratzera, ingurunea errespetatuz ekoiztera eta modu jasangarriagoan mugitzera gonbidatzen du.