Bilboko Udalak lankidetza eskatu die pertsonei gaur egungo egoeraren gainean gogoeta egiteko

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak gutun bat bidali die Bilboko Balioen Agiriarekin bat egin duten 2.000 pertsona eta 150 entitate baino gehiagori. Helburua, Aburto alkateak bere idazkian azaltzen duen moduan, Bilboren “orainaz eta etorkizunaz” elkarrekin gogoeta egitea da, eta “balioetan oinarritutako gizarte baten moduan aurrera egitea eta osasun krisi honek agerian utzi dituen desafio handiei aurre egitea”. Alkateak Bilboko Hiri Kontseilua osatzen duten kideei ere helarazi die gutun hau.

Gutunarekin bat egin duten pertsonek eta entitateek erakutsi dute balioen inguruan hartu duten konpromisoa, haiek Bilboko gizartearen elkarbizitzaren ardatz moduan hartuz, eta, hori dela eta, alkateak galdetegi bat helarazi die, gutunean bertan esteka bat txertatuta, jakin nahirik ea uste duten balioetan oinarritutako ekintzen bidez erantzuten ari ote zaion Bilbo osasun krisiari, ea zeintzuk izan diren aldi honetan garrantzi berezia hartu duten balioak, eta zein balio izango diren gakoak datozen hilabeteetan.

Horrez gain, galdetegian, halaber, galdetzen zaie zer jardun gauzatu beharko liratekeen hirian, zer ikasi den itxialdian, zer aldaketa nahiko lituzketen krisia gainditu osterako, eta zer ekarpen egin lezaketen berek hori lortzeko.

Galdetegiari emandako erantzunak norenak diren ez da adieraziko. Erantzun hauen guztien ondorioak jendaurrean jarriko dira. Interesa dutenek beren datuak eman ditzakete foro telematiko ala presentzial batean parte hartzeko, osasun-gomendioen bilakaeraren arabera.